Aldarriak ozen entzunarazi dituzte garbitzaileek hamargarren greba egunean

uriola.eus 2022ko eka. 21a, 13:08

Soldata arrakalaren aurkako borrokak ez du etenik Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektoreko langileentzat. Patronalak entzungor egiten diela salatzeko, Plaza Biribiletik CEBEKen egoitzarainoko manifestazioa egin dute goizean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. "Pazientzia agortzen" ari zaiela adierazi dute sindikatuek, eta emaitzarik ezean, datorren ikasturtetik aurrera borroka gogortzeko asmoa dutela azpimarratu dute.

Sektoreko soldatak urtean 16.000 euro baino gutxiagokoak direla azpimarratuta, gaur-gaurkoz 15 ordainsaritan banatutako hilean 1.200 euroko soldatak eskatzen dituzte. Mobilizazioaren amaieran azpimarratu dute, gainera, inondik inora ere ez direla konformatuko soldatak %2 igotzearekin, aintzat hartuta KPIa %8aren bueltan dagoela.

Sindikatuek aditzera eman dutenez, joan den ostiralean negoziaketa bilera egin zuten. Bada, patronala, bilera eguna bi bider atzeratu ostean, "esku hutsik" joan omen zen batzarrera: "Ez zuten proposamenik ekarri eta denbora gehiago eskatu zuten". Horregatik kexatu dira gaur CEBEKen egoitzaren aurrean. Hurrengo hitzordua uztailaren 6an izango dute, eta "egoera iraultzen ez bada", sindikatuen hitzetan, greba gogorrago eta ugariagoekin itzuliko dira datorren ikasturtean. Nabarmentzekoa da 12.000 langile inguru batzen dituela Bizkaian eraikin eta lokalen garbiketa sektoreak.