Beste 10 greba egun Bizkaiko zahar etxeetan

uriola.eus 2023ko mar. 9a, 12:04

Langileek otsailean egindako mobilizazioetako bat (Argazkia: ELA)

ELA Sindikatuak Bizkaiko zahar etxeetako langileek martxoaren 15etik 24ra greba egingo dutela iragarri du.

Otsaila hasieran 8 eguneko greba egin ostean, berriz ere mobilizaziorako hautua hartu dute langileek. Orduan, euren aldarrikapenak honakoak ziren: zaintza eredua eta lan baldintzak aldatzea, enplegua finkatzea, lanaldi partzialak murriztea, erosahalmena berreskuratzea eta egoiliarren arreta duintzeko ratioak hobetzea.

Geroztik, sektoreko langileek negoziazio prozesuan bizi duten blokeo egoera salatu du Sindikatuak. Gainera, emakumearen nazioarteko egunaren harira erakundeek eginiko zuriketarekin kritiko agertu da. “Patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bere horretan jarraitzen dute. Martxoaren 8aren harira emakumeen aldeko hainbat propaganda egin dituzte, baina errealitatea da ez dutela urratsik egiten zahar etxeetako sektorea bezalako arlo feminizatu batean hobekuntzak egiteko. Lan premiei erantzun gabe jarraitzen dute: langile falta, GUFErekin parekatzea, lehen egunetik ordezkapenak egitea, lanaldi osoko kontratuak egitea, lan osasunaren arloko hobekuntzak... Bi urte baino gehiago doaz aldarri horiekin, baina entzungor egiten diete”.

Horretaz gain, ELAk zaintza lanen merkantilizazioan jarri du fokoa. “Erabiltzaileentzako kuotak handitzen dituzte, baina diru hori ez da hobekuntzetarako, patronalen poltsikoetarako baizik”.

Beraz, egoera honi aurre egiteko 10 eguneko greba eramango dute aurrera Bizkaiko erresidentzia guztietan, hainbat ekitaldi eta mobilizazio eginez. Martxoaren 15ean emango zaio grebari hasiera; egun horretan, manifestazio bat egingo dute goizeko 11:00etan Guggenheim museotik abiatuta, CEBEetik igaro eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitzeko.