Dena prest 2023ko Ingeniariak-Deusto estropada hasteko

uriola.eus 2023ko mar. 23a, 16:05

Argazkia: mbn comunicaciĆ³n

Gaur egin dute estropadaren 41. edizioaren aurkezpena Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren egoitzan. Aurtengo edizioa martxoaren 31n ospatuko da, arratsaldeko 19:00etan.

Urtero bezala, aste santuaren bezperan jokatuko da Bilboko uretan Deustuko Unibertsitateko eta EHUko Ingenieritza Fakultatetako ikasleen arteko estropada.

1981ean sortuta, orain arte jokatu diren estropaden artean, Deustuk 25 irabazi ditu eta Ingeniariek, aldiz, 15. Aulki mugikorreko ontzian arteko norgehiagoka izango da, zehazki, lemazaindun zortziko outrigger modalitatean. Ibilbidea lau milia nautikokoa izango da, hau da, 7.408 metrokoa; Erandioko Altzagatik irtengo dira Bilboko Udaletxearen parera iritsi arte.

Kuriositate bezala, estropadaren errekorra Deustuko tripulazioak hautsi zuen 2016an, 22 minutu eta 14 segundoko denborarekin. Aitzitik, denborarik luzeena 1987an erregistratu zen: Ingeniariek 30 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko. Historian zehar, 148 arraunlarik parte hartu dute Ingeniarien taldean eta Deusturenean, berriz, 106k.