Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak hezkuntza lege berriaren aurka protestatzeko mobilizazioa antolatuko du bihar Bilbon

uriola.eus 2023ko eka. 8a, 16:29
Argazkia: Euskal Eskola Publikoa Harro

Bihar, ekainaren 9an, eragileak manifestazioak antolatu ditu arratsaldeko 18:00etan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea EAEko hamaika eragile desberdinek osatzen dute. Biharko antolatutako mobilizazioen bitartez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekiko desadostasuna erakutsi nahi dute. ESK Sindikatuaren bitartez argitaratutako testu batean, eragileak proiektuarekiko erakutsi duten ezezkoa gogorarazi dute.

“Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Legearen Aurreproiektua ezagutzera eman zenean, euskal eskola publikoaren aldeko milaka lagunek Bilboko kaleetan barrena adierazi genuen gure desadostasuna. Orain ikasturte amaieran gaudela, Eusko Jaurlaritzak onartu eta Legebiltzarrean aurkeztu berri duen Lege Aurreproiektu honi ere gure ezezkoa erakutsi nahi diogu berriro, aurrekoaren ildo berekoa baita. Izan ere, ez da euskal eskola publikoak behar duena, bera sendotu ordez ahuldu egiten baitu”.

Hala, arrazoi ugari aipatu dituzte Euskal Eskola Publikoaren alde egoteko: inklusiboa, orekatzailea, anitza, laikoa, euskalduna, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa izatea, hain zuzen.

Edozein kasutan, gogorarazi dutenez ez da aldarrikapen honekin lotuta egiten duten lehen mobilizazioa. Izan ere, 2022ko azaroan beste bat egin zuten Bilbon. Hala, ostiralekoari dagokionez, Bilbokoaren kasuan Plaza Eliptikotik irtengo da arratsaldeko 18:00etan.