Osasungintza publikoa, presentziala eta duinaren aldeko kontzentrazioak egingo dira auzoetako osasun zentroetan

uriola.eus 2023ko eka. 13a, 10:12
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Otxarkoagako osasun zentroan antolatutako elkarretaratzea, maiatzaren 18an. Argazkia: Otxarkoagako Familien Elkartea.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak elkarretaratzeak egingo ditu, ekainaren 15ean, Abusu, Alde Zaharra, Deustu, Irala, Otxarkoaga, Uribarri eta Zorrotzako osasun zentroetan.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak auzoetako osasun zentroetan kontzentrazioak egitearen deia zabaldu du. Elkarretaratzen hauen helburua, erabiltzaile kolektiboen eta erakundeen artean parte hartzeko formula egonkorrak eskatzea, kudeaketan gardentasunez jokatzea eta osasun-laguntza publikoaren defizita salatzea izango da.

Horrekin batera, udalekiko herritarren gaitzustea azpimarratu du Federazioak: “Hautesontziek hitz egin dute eta argi geratu da abstentzioak irabazi duela. Herritarrek, beren gaitzuste politikoa erakusteaz gain, erakundeek beren eskaerak ez betetzeagatik nekatuta daudela ere utzi dute”. Era berean, osasunaren inguruan konponbideak lau urtean behin bozkatzeak “balio ez digula” adierazi du.

Horrenbestez, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak auzoetako osasun-zentroetan elkarretaratze deia zabaldu du ekainaren 15erako, 19:00etan; hain zuzen ere, Abusu, Alde Zaharra, Deustu, Irala, Otxarkoaga, Uribarri eta Zorrotzako osasun zentroetan.