LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Euskal LGTBI+ Behatokiak Bilboko erailketak salatu eta lege integrala aldarrikatu du

uriola.eus 2023ko eka. 28a, 12:59

Behatokiak elkarretaratzea egin du gaur Justizia Jauregiaren egoitzaren aurrean. Bertan, Bilboko hilketak ikertzea eskatu dute. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak EAErako Euskal LGTBI+ Lege Integral bat egiteko asmorik duela azpimarratu du.

Gaur, ekainak 28, Euskal LGTBI+ Behatokiak elkarretaratzea egin du Justizia Jauregiko egoitzaren aurrean, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. Elkarteak Bilboko hilketak ikertzea eta Eusko Jaurlaritzak Euskal LGTBI+ Lege Integrala egitea eskatu du.

Harrotasun eguna ospatzearekin batera, elkarteak mundu osoko leku askotan oraindik gabezia ugariak daudela azpimarratu du: “Euskadin arrazoi gehiegi ditugu kolektiboak sentitzen dituen atsekabea eta haserrea agerian uzteko”.

Ultraeskuinaren gorakada

Kezka horien arrazoien artean, eskuin muturreko balizko gobernu zentralaren mehatxua dago. Izan ere, ultraeskuinak Konstituzio Auzitegian errekurtsoa jarrita dauka transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 4/2023 Legearen aurka. Hala, Alderdi Popularrak ere indargabetu nahi duela iragarri duela azaldu du Behatokiak.

Bilboko hilketak

Duela urtebete baino gehiago Bilbon izandako ustezko erailketen inguruan izapideak egin eta justizia administratu behar dituztenen erantzun desegokia jaso dutela adierazi du Behatokiak. Aldiz, antzekoak diren kasu batzuen aurrean erantzun judizial guztiz kontrajarriak egon direla salatu du.

“Hildakoen senideei eta lagunei, zenbait prozeduratan ez zaie akzio-eskaintzarik egin, ez eta garrantzizko ebazpenak jakinarazi ere, horiek ezagutzeko eta errekurtsoa jartzeko eskubidea izan arren”, azaldu du Euskal LGTBI+ Behatokiak.

Trans Legea

Elkarteak azaldu duen arabera, 2012ko EAEko Trans Legearen bigarren erreforma aspalditik ari dira prestatzen Eusko Legebiltzarrean; hala ere, oraindik ez da izapidetu.

Behatokiak lege hori nahikoa ez dela argi eta garbi adierazi du: “Baztertu eta kanpoan utziko baititu dikotomia binario horretan sartzen ez diren pertsonak (trans, intersex, ageneroak, genero jariakorrekoak, ez-binarioak)”.

Azkenik, egungo Eusko Jaurlaritzak ere EAErako Euskal LGTBI+ Lege Integral bat egiteko asmorik ez duela gaineratu du Behatokiak.