“Harrotasuna ez da pride, ez gaude salgai”

Bizkaiko LGTB mugimenduak harrotasun transmaribibolloaren jatorri erreibindikatzaile eta antikapitalista aldarrikatu du

uriola.eus 2023ko eka. 29a, 12:57

Horrekin batera, BilbaoBizkaiaHarrok antolatutako jardueretan parte ez hartzera eskatu dute Bilbon egindako manifestazioan; hain zuzen ere, borroka monopolizatu eta monetizatu nahi dituen marka instituzionala delako.

Bizkaiko LGTB mugimenduak manifestazio jendetsua egin zuen atzo, Bilbon, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. “Pinkwashing-ak itotzen gaitu” lemapean, harrotasunaren jatorri erreibindikatzailea eta antikapitalista aldarrikatu du Koordinadorak.

Manifestaldiak, Zabalburu plazan zuen hasiera, 19:30etan, eta 21:00ak inguru amaitu zen Bilboko Udaletxean. Bitartean, Abando, San Frantzisko eta Zazpi Kaleetako auzoak zeharkatu zituen martxak, udaletxean amaitu arte.

“Harrotasuna ez da pride, ez gaude salgai”

Koordinadorak harrotasun transmaribibolloaren jatorri errebindikatiko eta antikapitalista aldarrikatu zuen manifestaldian. Izan ere, haien aburuz, enpresek eta instituzioek bere gain hartu du LGTB borroka eta merkantilizatu egin du kapitalismoaren bitartez.

Horregatik, egungo egoerari buelta ematea eta mugimenduaren merkantilizazioa salatzea plazaratu dute. “Urtero bezala, gaurkoa gure memoria historikoaren borrokarako egun gisa ulertzen dugu. Aldarrikatzeko unea da”.

BilbaoBizkaiaHarro

Bizkaiko LGTB mugimenduak salatu egin du ere BilbaoBizkaiaHarrok aurrera eramaten ari den “borrokaren merkantilizazioa”. Horregatik, haiek antolatutako jardueretan parte ez hartzea eskatu du.

“Klase-elkartasunera dei eginez, gure identitateak integratzen bilatzen duen eredu kapitalista honen errealitateari aurre egiteko eskatzen dugu, gure aldarrikapenak bakandu eta desagerrarazteko helburuak dituena”, azaldu du Koordinadorak.

“Gora borroka transmaribibolloa! LGTB borroka klase-borroka da!”

“Kapitalismoaren aurrean antolakuntza transmaribibolloa”