Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari ohiari elkarrizketa

Paul Bilbao: "Botere judizialari ez dagokio hizkuntza politika egitea; baina hala egiten ari da"

Axular Arostegi 2023ko urr. 31a, 10:55

2010etik 2022ra Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan zen Paul Bilbao. Getxotarra bada ere, Deustuko Unibertsitatean egin zituen bere unibertsitateko ikasketak, eta handik datorkio gure herriarekin duen harremana. Geroztik, bere ibilbide profesionala euskararen sustapenera bideratu du, hein handi batean.

- Nola deskribatuko zenuke Euskalgintzaren Kontseilua?

 
Euskalgintzaren bilgune bat bezala. Sortu zenean, 1997an, agerikoa zen euskalgintza atomizatuta zegoela. Alegia, erakunde zein elkarte asko ari ziren euskararen alde lanean modu desberdinetara, baina ez zuten bilgunerik; egoera horretatik abiatuta, Kontseilua sortu zen, nolabait esanda, euskalgintza osoaren bozeramaile izan zedin. Pertsonalki, niri egokitu zitzaidan 2010etik 2022ra idazkaritza nagusia hartzea. 

- Zein da bere xedea?

Alde horretatik, nik beti Korrikaren adibidea jartzen dut. Euskal Herrian dugun ekimenik potenteenean, korrika egiten dugu. Zergatik? Presa dugulako, gure herria ahalik eta lasterren euskaraz bizitzea nahi dugulako. Horregatik, Kontseiluaren zeregina euskararen normalizazio prozesua azkartzean datza. Horretarako, sozialki eta politikoki hizkuntza politiketan eragiten saiatzen da. 

“Kontseiluaren zeregina euskararen normalizazio prozesua azkartzean datza”

- Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten 30 talde baino gehiagok osatzen dute Kontseilua. Nolakoa da elkarlan hori?

Polita, argi eta garbi, batzuetan errazagoa eta beste batzuetan zailagoa. Aipatu duzun bezala, eragile oso ezberdinak daude (idazleak, erakundeak, AEK...), baina guztiek dute helburutzat euskararen normalizazioan ekarpenak egitea; hala ere, nork bere aldetik dihardu. Horregatik, oso handia da eragile horiek guztiak ahots bakarra izatea, nahiz eta gero bakoitzak, bere aldetik, berea mantendu. Horrez gain, argi dago desberdintasunak kudeatu behar direla. Nire esperientziatik, gutxienez, ez nuke esango alderdi hori zeregin pisutsuena zenik. Azken batean, oreka bilatzen saiatzen zara. 

- Joan den maiatzaren 10etik, hainbat mobilizazio antolatu ditu Kontseiluak Bilbon euskararen aurkako oladarraldi judiziala salatzeko. Hala, azaroaren 4an manifestazio bat deitu du. Zer da egun horretan adierazi nahi duena?

Ez dira epaile batzuek momentu zehatz batean hartu dituzten erabakiak. Euskararen aldeko neurri esanguratsu bat hartzen denean, jarraian, justizia auzitegiek diote hori ez dela posible. Beraz, ez gara ari epai isolatuez; fenomeno horren azken adibideetako bat EAEko udal legearen kasuan ikus dezakegu. Baina antzerako erabakiak jaso ditugu aurretik, Erandion edo Irunen, esaterako.  Egoera oso larria da, botere judizialari ez dagokio hizkuntza politika egitea; baina hala egiten ari da. Horregatik Kontseiluak oldarraldi judizialaz hitz egiten du. Gainera, ikuspegia apur bat zabaltzen badugu, hori ez da bakarrik gertatzen ari Hego Euskal Herrian, baizik eta beste hainbat tokitan ere: Galizian, Katalunian, Valentzian... Euskal Herriari dagokionez, Euskadin gertatzen ari da, baina baita Nafarroan ere. Hortaz, azaroaren 4an jendeari gune bat eskaini zaio hori guztia salatzeko, haserre hori adierazteko eta, azken batean, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula adierazteko. 

"Euskararen aldeko neurri esanguratsu bat hartzen denean, jarraian, justizia auzitegiek diote hori ez dela posible"

- Alde horretatik, eragile euskaltzaleak ez ezik, norbanakoak ere parte hartzera deituta daude. Zergatik da garrantzitsua herritarren parte hartzea?

Guztioi eragiten digun auzi bat delako. Hau da, botere judizialak esateak, esaterako, udaltzaingoei ezin zaiela euskararen ezagutza jarri, eragina izango du herritarrok euskarazko zerbitzuak eskatzen ditugunean. Izan ere, beti izan behar dugu kontuan langile batek euskara ezagutzen duenean, euskaraz bizi nahi duen herritarraren eskubidea bermatuko duela. 

- Azkenaldian, euskararekin zerikusia duten hainbat albiste izan ditugu, EAEko hezkuntza lege berria eta espainiar kongresuan erabiltzeko aukera, besteak beste. Zeintzuk dira, zure ustez, gaur egun euskarak dituen ahuleziak eta indarguneak?

Gure indargunea jarraitzen du izaten komunitate trinko bat duela, gero eta euskaldun gehiago dituela. Ahulguneei dagokienez, zer esango nuke? Euskara beraien agenda politikoetan duten alderdiak euskararen kontra daudenak direla. Eta horren ondorioz, egun ez dago hizkuntza politika eragingarririk. Aipatu dituzun adibideen kasuan, kongresukoa ondo dago sinbolikoki, baina horrek ez digu biztanleoi egunerokoan eragiten. Horretarako, esaterako, espainiar estatuak botere judizialaren lege nagusia edota administrazio publikoetako legea aldatzea beharko genuke. Hezkuntzaren kasuan, berriz, bi urte luze dira jada eztabaida hori hasi zenetik eta, nire ustez, azken egunetan elementu kezkagarriak atera dira. Hezkuntza oinarrizko zutabea da, izugarrizko aukera ematen digu belaunaldi berriak modu naturalean euskalduntzeko. Beraz, herritarrei ukatuko zaie euskara ezagutzeko eskubidea? Horrexegatik, kezkagarria da azken egunetan Legebiltzarrean gertatutakoa.

"Egun ez dago hizkuntza politika eragingarririk"

- Era berean, zeintzuk dira, ordea, etorkizunerako erronka nagusiak?

Hezkuntzaz gain, badaude aparteko garrantzia duten beste zenbait alderdi: ingurune digitalak, pantailak... Geroz eta pisu handiagoa hartzen ari diren elementuak dira. Zorionez, azken horien kasuan herri ekimen politak ateratzen ari dira, Pantailak euskaraz esaterako. Aisialdia beste lehentasun bat da. Alabaina, ohartzen gara gure gazteek ez dutela euskarazko erreferentziarik aisialdian, eta horrek eragina dauka erabileran. Alde horretatik, nire ustez, erabileraz hitz egiten dugunean beti biztanlearen bizkarrean jartzen dugu ardura; emaizkiozu erabiltzeko baldintza egoki eta erosoak eta ni ziur nago egingo duela.


- Gizartea abiadura oso bizkorrean doa aldatuz eta, hein haundi batean, homogeneizatuz. Joera horren aurrean nola iraun dezake bizirik euskarak?

Prozesu hori aukera gisa edo mehatxu gisa ulertzean datza gakoa. Teknologia berriak, adibidez, hizkuntza gutxituentzako aukera izan daitezke jendearengana iristeko. Gaur egun, Euskal Herri osoko herritarrek ETB ikus dezakete, ordenagailuz bada ere. Globalizazioa hor dago, eta hori ezin dugu saihestu. Bestalde, argi dago arriskuak ere badaudela jarrera globalizatzaileen baitan. Alde horretatik, nik beti Islandiako kasua aipatzen dut. Bertan euren hizkuntza propioa dute, islandiera. Bada, kezka handiak dituzte ingelesa hartzen ari den pisuarekin. Horretarako, hizkuntza politika zuzentzen ari dira. Beraz, Islandia irla bat eta estatu propioa izanik horrelako zailtasunak badituzte, pentsa euskarak dituen arazoak bi estaturen menpe egonik. Edozelan ere, nire ustez gakoa joera globalizatzaile horren barruan guk gure tokia bilatzean datzala. 

“Gakoa joera globalizatzaile horren barruan guk gure tokia bilatzean datza”

Sakonean:

- Urte luzez aritu izan zara euskararen normalizazio-prozesuan lanean. Zerk eraman zintuen zure ibilbide profesionala norabide horretatik egitera?

Esango nuke kezka betidanik izan dudala. Nik Euskal Filologia ikasi nuen. 20 urterekin dagoeneko AEK-ko irakaslea nintzen. Beraz, atzera begiratuta esan liteke betidanik izan naizela sentibera euskararen gaiarekiko. Eta oraindik ere, nire burua euskalgintzaren barruan kokatzen dut, nahiz eta beste lan batean aritu gaur egun. 

“Nire burua euskalgintzaren barruan kokatzen dut”

- Joan den urriaren 3an Xabier Mendiguren Bereziartu, Kontseiluko lehen idazkari nagusi izan zena, zendu zen. 2010ean, zuk hartu zenuen bere lekua 2022ra arte. Zer eskaini zion Mendigurenek euskalgintzari?

Xabier Mendiguren izan zen euskalgintza bildu horren lehen bozeramailea, lehen irudia. Momentu txarretan, Egunkariaren itxieran, esate baterako, berari egokitu zitzaion euskalgintzaren aurpegia izatea. Orduan, esango nuke irudi berri bat eman ziola euskalgintzari, irudi oso interesgarria eta bere izaera txertatzen jakin izan zuen. Guztiekin hitz egiteko eta guztiei erantzukizunak eskatzeko beharraz oso kontziente zen. Berak behin baino gehiagotan esan zuen, “Normalizazioa ez da lau pertsonaren gauza bat, guztiona da”.