"Epaitegien eskuhartzearen aurrean, herritarren eskubideak erdigunean jarriko dira larunbatean"

uriola.eus 2023ko urr. 31a, 13:05
Idurre Eskisabelek mobilizaziora bat egiteko arrazoiak eman ditu gaur goizean.

Euskalgintzaren kontseiluak larunbateko manifestaziorako deialdia egin du eta mobilizazioan parte hartzeko hainbat arrazoi plazaratu ditu.

“Maiatzaren 10eanj ada arrazoiak bagenituen azaroan 4ko manifestazioa deitzeko, irailaren 26an berretsi baginen eta esan bagenuen maiatzaren 10etik areagotu egin zitzaizkigula arrazoiak…” gaur goizeko agerraldian behin eta berriz azpimarratu dena, “zoritxarrez” geroz eta arrazoi gehiago daudela larunbateko manifestazioan parte hartzeko, azken hilabeteetan auzitegietatik jasotako sententzian areagotu egin baitira.

Herritar guztiei zuzendutako hiru arrazoi

Sententzia isolatuetatik harago, botere judizialaren oldarraldi bat dela dio Euskalgintza Kontseiluak, euskararen normalizazioan asko dagoela jokoan eta desadostasun hau publikoki azaltzeko aukera izango da larunbatekoa. Mobilizazioaren lehenengo arrazoia botere judizialaren eskuhartzea salatzea da; auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari baitira, euskararen normalizazioa oztopatzen.

Bigarrenik, euskarak, zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza izanik, biderkatu egin zaizkio egungo munduaren testuinguruan eurrera begirako erronkak. Euskarak eta komunitate euskaldunak hizkuntza-politiketan aldaketak behar dituela dio Kontseiluak; gainera, egoera honen aurrean, tresna berri eta indartsuen beharrean, orainarteko berme eta babesetan atzerapauso handiak ari dira ematen.

Azkenik, herritarron eskubideak  erdigunean jartzea izango da larunbateko manifestazioaren funtsa. Pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan beharko lituzkete, baina egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak, horrenbestez justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetuz.

Oldarraldiaren aurrean, elkartasuna

Euskalduna jauregiaren aurretik irtengo da manifestazioa 17:00etan, udaletxerainoko ibilbidean. Ibilbidean zehar hainbat antujirako taldeak izango dira giroa animatzen, eta udaletxera heltzean hainbat ekimen antolatu ditu Kontseiluak. Idazkari nagusia den Idurre Eskisabelek hitzaldia eskainiko du, ondoren Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatutako soka dantza egingo da, herritarren elkartasunaren sinbolo izan dadin, eta, amaitzeko, Kontrapas kantuaren kantaldia egongo da.

Baikortasun handiz ikusten dute giroa antolatzaileek, azken sententziak ezinegon handia sortu baitu gizartean. Momentuz 40 autobusetik gora antolatu dira herri eta eskualde desberdinetatik, eta milaka pertsonen partehartzea espero dute.