“Azaroaren 4ko manifestazioarekin ez da ezer bukatu”

uriola.eus 2023ko aza. 7a, 14:06
Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

Euskalgintzaren Kontseiluak joan den larunbateko mobilizazioaren balorazioa eskaini du gaur. Aurreikuspenak hobetu zituela adierazteaz aparte, tankerako erabaki judizialei erantzuteko “Protokoloa” aurkeztu du.

Azaroak 4ko mobilizazio handiaren aparra pasa ostean, gaur Kontseiluak mobilizazioaren balorazio positiboa egin du, baita erantzukizunez bideratzeko konpromisoa hartu ere. 

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak Bilboko kaleak bete zituztenei eta haren antolakuntzan jardun direnei eskerrak emanez hasi nahi izan du. “Eskerrik asko maiuskulaz idatzi beharrean gaude Kontseilutik”. 

Larunbateko mobilizazioaren irakurketari dagokionez, beraien kezkak eta larritasuna gizartean “itsatsita dagoela” ikusteak Kontseiluari poza eragin diola adierazi du Eskisabelek: “Badago gogo bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko”.

Itun soziopolitiko baten premia

“Oldarraldi judizialaren” epaien harira, euskararen normalizaziorako itun soziopolitiko baten beharra azpimarratu du Kontseiluak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Hain zuzen ere, eragileak itun hori bideratzeko konpromisoa hartu du eragileak, “adostasunen bilaketa eta lanketatik”.

Hartzaile desberdinei zuzendutako adierazpena

Eskisabelen hitzak hiru hartzaile desberdinei egon dira zuzenduta. Lehenik eta behin, larunbateko mobilizazioko mezua bezala, botere judizialari egin dio erreferentzia: ”Uste dugu botere judizialaren eremuan hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa bat egin beharko litzatekeela: sentsibilizazio eta kontraste lan bat”. Bigarrenik, erakunde publikoei zuzendu zaie, alde batetik, euskararen normalizazioaren aurkako epaiak auzibideak azken bururaino eraman ditzaten eta, bestetik, “euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian” jartzeko. Azkenik, eragile eta herritarrei mezua bidali nahi izan diete, euskararen normalizazioaren alde lan egiten segi dezaten: “Euskararen normalizazioak denok behar gaitu. Azaroaren 4ko manifestazioarekin ez da ezer bukatu. Baizik eta bide luze baten hasieran gaude”.

Hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloaren aurkezpena

Ekitaldiaren bigarren zatian Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak hartu du hitza, eta Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa izeneko dokumentua aurkeztu du. Protokoloaren helburua “euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoak egitera behartzen ari den oldarraldi judizialari erantzun irmoa” ematea da.

Zehaztu duenez, bi kasutan erabiltzeko dago aurreikusita: alde batetik, arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza-eskubideen loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko; bestetik, hizkuntza-eskubideen loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko.

Azkenik, Mantxolak argi utzi nahi izan du Protokoloa ez dela dokumentu itxi bat, eragileen ekarpenak jasoz aberasten eta egokitzen joango den protokolo bat baizik.

Hona hemen protokoloa eskuragarri.