Euskara

'Aldatu gidoia euskararen alde'

uriola.eus 2023ko aza. 22a, 10:08
'Aldatu gidoia euskararen alde' ekimeneko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Argazkia: Aldatu gidoia.

Eusko Jaurlaritza eta EiTBren kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzearen aldeko kanpaina aurkeztu dute 'Aldatu gidoia euskararen alde' egitasmoko ordezkariek.

Agerraldia egin dute ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ egitasmoko Intza Gurrutxaga eta Mikel Elortxa ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Horretan, Eusko Jaurlaritza eta EiTBren kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzearen aldeko kanpaina aurkeztu dute.

Irailaren 9an abiatutako ekimenean parte hartzen duten eragileek euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen alde erabakiak hartzeko eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari; hain zuzen, kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko eta euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko.

Izan ere, haien aburuz, kulturak eta ikus-entzunezkoek “berebiziko garrantzia dute gizartearen kohesioan eta bizikidetzan. Horregatik, erakundeetatik egiten diren kultura politikek honako ezaugarri hauek izan behar dituztela aldarrikatu dute: Balore hezitzaile eta eraldatzaileak sustatzea, eskubideetan eta demokrazian sakontzea eta euskara biziberritzeko helburua.

Plataformak eta pantailak, gaztelaniaz

2022an UEMAko udalerrietan egindako azterketaren emaitzek dioten arabera, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa oso urria da; eskaintzarik ez dagoelako, izan ere. Gehien kontsumitutako plataformetan euskara ia ez da agertu ere egiten, eta eduki ikusienak ez daude euskaraz.

Hori horrela, grafikoen arabera, ikasleen % 73,2ak gaztelaniaz kontsumitu du ikusitako azken telesaila; soilik, % 10,6ak euskaraz. Nahiz eta, UEMAko udalerrietan, biztanleriaren % 70 euskalduna izan.