23. Korrika

Martxoaren 21ean igaroko da Korrika Bilbotik

uriola.eus 2024ko urt. 12a, 11:43
Argazkia: Korrika

AEK-k atzo jakinarazi zuen martxoaren 14an Irundik abiatu eta 24an Baionan amaituko den 23. Korrikako ibilbidea zehatza. Orotara, 2.700 kilometro izango ditu, eta martxoaren 21ean pasatuko da Bilbotik. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.

23. Korrikaren ibilbidea zehaztuta dago jada. Bada, badakigu dagoeneko noiz eta nondik iritsiko den Bizkaiko hiriburura. Aurtengo edizioak astebete daramanean iritsiko da euskara sustatzeko ekimen garrantzitsua gure hirira, martxoaren 21ean, hain zuzen.

Martxoaren 14an Irundik abiatu eta gero, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Xiberoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko zenbait lurralde zeharkatu ditu Korrikak gurera iritsi arte. Gauzak horrela, martxoaren 21ean, 15:32etan Arrigorriagatik iritsiko da Bilbora, Buiako auzora, zehazki.

Behin hirira iritsitakoan, Buiatik Abusura mugituko da, jarraian, itsasadarra zeharkatuta, Boluetara 16:00etan iristeko. Handik, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Santutxutik igaro eta gero, Alde Zaharrera igaroko da 17:00ak inguruan. Ondoren, itsasadarra igaroko du berriz, Miribilla, Irala, Amezola,  Errekalde eta Abandotik ibilbideari jarraipena emateko. Geroago, itsasadarraren beste aldera igaroko du azken aldiz, Uribarri, Deustu, Ibarrekolanda eta San Inazio bisitatzeko 19:15ak arte. Azkenik, berriz ere ezkerraldera itzulita, Abando, Indautxu eta Basurtu zeharkatuko ditu, 20:17etan Zorrotzara iristeko.

Era horretan, 20:30etan 23. Korrikak gure hiriko ibilbideari amaiera emango dio, Barakaldotik jarraipena emanez. 

Korrika aplikazioa

23. Korrikaren nobedadeetako bat KORRIKA aplikazioa dugu. Hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan,. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan.

Gauzak horrela, bitarteko honek Korrika zuzenean jarraitzeko aukera emango du: “furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute KORRIKA aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edo/eta kilometro” adierazi dute antolatzaileek.