Haur errefuxiatuen aldeko mobilizazioa izango da otsailaren 4an

uriola.eus 2024ko urt. 25a, 14:01

"Korrika Egin Kausa baten Alde, Korrika Egin haur errefuxiatuen alde" ekimena jarri dute martxan Deustuko Unibertsitateak, Jesuitak Indautxu ikastetxeak eta Alboan GKEk

Gaur goizean aurkeztu da Bilbon otsailak 4an Deustuko Unibertsitateak, Jesuitak Indautxu ikastetxeak eta Alboan GKEk antolatutako lasterketa solidarioa, babeslekuan edo derrigorrezko migrazioan dauden haurrek hezkuntza lor dezaten dirua biltzeko. Alboan-eko zuzendari Mary Tere Guzmanen hitzetan, 420 milio haur baino gehiagori eragiten diete munduan gatazka armatuek, eta 40 milioi pertsona baino gehiagok utzi behar izaten dituzte etxea, familia eta eskola haien bizitza salbatzeko.

Eskola Aterpea ekimenaren bidez Ukraina, Libano, Tanzania, Kongoko ED eta Kolonbial lan egiten dute Alboan, Entreculturas eta Errefuxiatuentzat Jesuiten Zerbitzua erakundeetako kideek, haur errefuxiatuak eta haien familiak zein komunitateak babestu eta laguntzeko. Arreta humanitarioa, psikosoziala, hezkuntza-laguntza zein aisialdirako espazioak eskaintzen dizkiete erakundeek, haien bizitzak berreraikitzen laguntzeko.

Egitaraua

Otsailaren 4an izango da ekimena, Euskaldunako zubitik hasi eta toki berean amaituko da lasterketa, 9km-ko ibilbidea izango du beraz. 9km-ko lasterketa 11:30etan irtengo da, eta 5km-ko ibilbide laburragokoa minutu bat geroago. Lasterketaren aurretik ere egongo dira ekintzak; 10:00etan dantzaldia izango da, eta, Santa Ageda bezpera izango denez, Indautxu Jesuitak taldeko Ikasle Ohien Abesbatzak emanaldia eskainiko du. Izen emateko kuota 12€-koa da helduentzat eta 5€-koa 14 urtetik beherakoentzat, “Zero dortsala” egongo da eskuragai, edozein pertsona edo erakundek erosi ahalko duena, edozein prezioren truk, eta gainerako parte-hartzaile guztiek 43 zenbakia izango dute dortsalean, munduan dauden 43 milioi haur errefuxiatuen omenez.