Protesta “Etxebizitza Politikei buruzko Nazioarteko Biltzarraren” inaugurazio ekitaldian

uriola.eus 2024ko urt. 29a, 11:45
Argazkia: Berri-Otxoak

Kolektibo sozialek eta etxebizitzaren sindikatuek etxebizitza duina eskuratzeko prestazioen murrizketa salatu dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako biltzarraren aurrean

Argilan-ESK eta Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza duina lortzeko prestazioei egindako murrizketak salatu dituzte gaur goizean. Jaurlaritzak berak antolatutako  “Etxebizitza Politikei buruzko Nazioarteko Kongresua” inauguratzeko ekitaldia baliatu dute eragileek haien salaketak plazaratzeko, “etxebizitza-politika publikoi buruzko biltzarra antolatzeak dakarren aurkako protesta” izan da gaurkoa, hain zuzen.

Jaurlaritza etxebizitza eskuratzeko prestazioak murriztu, eta baliabide hauek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuentzat kentzen ari direla diote protestaren antolatzaileek. Bi neurri aipatu dituzte bereziki etxebizitza duina lortzeko aukeran eragina izan dutenak: alde batetik, martxoaren 29an indarrean sartu zen Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria, zeinak bizilekuaren kontzeptua birdefinitzen duen; tituluk gabeko etxebizitza baten erabilera ez da bizileku gisa hartuko, eta titulurik gabeko etxeek ezingo dute DBEa jaso. Bigarren neurria Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) izeneko laguntzaren sorrera da, apirilean indarrean jarriko dena. Laguntza berri honek aurretik zeudenak ordezkatuko ditu; DBE-rekin batera eskatu zitekeen Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta alokairurako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak desagertaraziko dira horrela.

Protesta antolatu duten eragileek neurri berri hauek ehunka bizikidetza-unitateri eragingo diela azaldu dute, eta milaka izango direla etxebizitza-prestazioetarako sarbiderik gabe geratuko direnak. Kaltetuenak “sektore prekarizatuenak eta pobretuenak” izango direla ohartarazi dute gainera, haiek baitira azpierrentamenduan, logela baten erabilera propio gabe edota alokairu erregularreko kontraturik gabe bizi direnak, besteak beste.

Bizi-baldintza duinen aldeko mobilizazioa

Eragileek murrizketen, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurkako manifestaziora dei egin dute. otsailaren 24an, larunbata irtengo da manifestazioa Plaza Eliptikotik, 12:00etan.