Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jomugan

uriola.eus 2024ko urt. 29a, 15:18

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.

Azken egunetan, zenbait hedabidek iragarri dutenez, Gipuzkoak erraustegiko lixibiatu guztiak Zorrotzara bidaliko ditu, Nafarroako planta baten itxieraren ondorioz. Bada, beste zenbait gauzen artean, horren inguruko adierazpen bat plazaratu du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak.

Eragileak gogorarazi du auzo horren airearen kalitatea neurtzen duen udal neurgailua 2023ko apiriletik matxuratuta dagoela, eta ez dute aldaketen inguruko jakinarazpenik jaso. Gainera, Familiek ez dute aipatu gabe utzi nahi izan San Inazio-Elorrietako airearen kalitatea neurtzeko espazioa (Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa zena) 2010ean ezabatu zela, “nahiz eta herritarrek estazioari eusteko eskatu”. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak zonalde berdinean jarritako geltoki mugikorra bandalizatua izan zela gogoratu dute, oraindik berriz jarri ez dena.

Gauzak horrela, aipatutako egoeraren ondorioz, honakoa adierazi dute: “Kutsagarriak izan daitezkeen emisioengatik, aireko isuri kimikoengatik eta bestelako eragozpenengatik bizilagunek egiten dituzten kexak ohikoak dira”. Horregatik, “ausarkeria eta erantzukizun falta” bezala hartu dute aipatutako baldintzetan dagoen hiriko zonalde batean hondakin gehiago onartzea.

Beraz, testuinguru horretan Bilboko Udalari Zorrotzako udal neurgailua “ahalik eta lasterren” konpontzea eskatu diote, baita “Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola, San Inazio-Elorrietan neurketa-estazio bat instalatzeko”. Azkenik, neurri honek 2030 agendaren helburuekin izan dezakeen bateragarritasuna zalantzan jartzen dute.