Sortu Bilbok agerraldia egin du hiriko etxebizitzen espekulazioa salatzeko

uriola.eus 2024ko ots. 7a, 14:16

Aktibistek Plaza Zirkularreko Latroupe Hostelaren aurrealdean “Espekulazioa gelditu” zioen pankarta handi bat eskegi dute.

Atzo Donostian egin zuten bezala, gaur Sortuk Bilboko etxebizitza larrialdia salatzeko agerraldia egin du. Ekitaldia Plaza Zirkularreko Latroupe Hostelaren aurrealdean egin dute; izan ere, eraikina Azora funts putrearena da. Bada, Sortuk, ekitaldi honen bitartez, hirietako espekulazioak banketxeen irabazi neurrigabeak eta biztanleen hipoteka ordainezinak eragiten dituela salatu nahi izan du.

Karlos Monteagudo Sortuko Nazio Kontseiluko kidearen hitzetan, “Funts putreek espekulazio basatian oinarritzen dute euren jarduera, krisian dauden sektoreetan merke erosi, eta birbaloratu ondoren, garestiago salduz. Gure hiriekin espekulatzen ari dira, eta kasu honetan, gure oinarrizko eskubide batekin: etxebizitza eskubidearekin”.

Monteagudok agerian utzi nahi izan du Bilbon geroz eta zailagoa dela etxebizitza bat lortzea eta Bizkaiko herritarrok alokairua ordaintzeko soldataren %50 bideratu behar dugula. Edozelan ere, egoeraren erantzulea ez du soilik merkatuaren legean kokatu, “EAJ eta PSEren etxebizitza politikan” baizik. Azkenik, egoerari buelta emateko urgentziazko neurriak eskatu ditu, “Bilbo eta bere ingurua tentsio handiko eremu izendatzea” esaterako.