Bizkaiko ostalaritzako lan-hitzarmenaren eguneraketa aldarrikatzeko mobilizazioa

uriola.eus 2024ko ots. 21a, 13:04

Argazkia: LAB sindikatua

Larunbatean, otsailaren 24an, ostalaritzako langileek manifestazioa antolatuko dute Bilbon, Bizkaiko lan-hitzarmen berri bat eskatzeko.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, Bizkaiko ostalaritzako langileek manifestaziorako deia egin dute larunbaterako, barman-aren nazioarteko egunerako. Izan ere, azkenaldian Patronalarekin indarrean dagoen lan-hitzarmena berritzen saiatu diren arren, sindikatuek “oso eskasa” deritzote jaso duten proposamen ekonomikoari. Mobilizazioa eguerdiko 12:30etan hasiko da Bilboko Kale Nagusiko 38tik eta Plaza Berrian amaituko da. Ildo horretatik, gaur bertan manifestazioa iragartzeko performance bat antolatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean.

Antolatzaileek gogoratu nahi izan dituzte COVID garaian egin behar izan zituzten ahaleginak, baina baita egun ez-ohiko egoera hori bukatu dela ere. Alegia, euren baldintzak krisi garaikoak izaten jarraitzen dutela salatu dute. “Egoera hobetuagatik ere, patronalak bere horretan jarraitzen du eta soldata igoeran ez du inola ere atzerakinik aintzat hartu nahi” adierazi dute sindikatuek. Patronalak, bere aldetik, KPIaren erreferentzia duen soldata igoera egitea ezinezkoa dela dio.

Horretaz gain, mobilizaziora deitzeko arrazoien artean, sektore honetan lan egiten duten langileen profilean eta pairatzen duten lan-baldintza eskasetan jarri dute fokoa. Alabaina, sektore honetako behargin gehienak emakumeak dira; hauek kontratu prekarioak, lanaldi partzialak eta lan-karga handiak jasaten dituzte. Gainera, Gipuzkoan kolektibitateetako langileek urtean 80 ordu gutxiago sartzen dute Bizkaian baino. Alde horretatik, salatu dutenez, “enpresek eta ostalaritza elkarteek ukatu egiten dute sektore honetarako EAE mailako hitzarmena negoziatzeko aukera”.

Gauzak horrela, larunbateko mobilizazioaren bitartez ostalaritzako langileek honako eskakizunak plazaratu nahi dituzte: KPIa bermatuko duten soldata igoerak, lanaldi murrizketa, ordu-erregistro telematikoa eta kolektibitateentzako eremu propioa. Azkenik, ohartarazi dute eskaerei kasu egin ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.