Zaintza sistema publikoaren aldeko elkarretaratzea izan zen atzo Arriaga Plazan

uriola.eus 2024ko ots. 21a, 17:02

Argazkia: Denon Bizitzak Erdigunera

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak gogoeta egin zuen azaroaren 30eko grebak izan duen eraginaz

Oihartzun handia izan zuen pasa den urteko amaieran Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, zaintza zerbitzuen problematikaren harira,  antolatu zuen greba feministak. Azaroaren 30eko deialdiaren aurretik zaintza zerbitzuen eta eskubideei buruzko difusiorako hamaika ekimen eta emanaldi egin zituzten, ikusgarritasun gutxi duen gai hau mahai gainean jartzeko. Mobilizaziotik ia hiru hilabete pasa ostean, ordutik hona plataformak egin duen lanketa, eta zaintzan izan diren aldaketak plazaratzeko egin zuten atzo agerraldia Arriaga Plazan.

Asanbladan gogoeta egin dute Denon Bizitzak Erdigunera plataformako kideek, eta greba egunaren eta aurretiko lanketaren balorazioa egin ostean, “Prozesuan zehar azaleratutako gatazkak, indarguneak eta aurrera pausoak aipatu genituen. Esan dezakegu, hemendik aurrerako erronkak adostu eta beharrezko tresnak identifikatu genituela”. Azpimarratu dute zaintzen problematika agendaren erdigunean jartzea eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa helburu izaten jarraitzen dutela. Horretarako pasa den urtean instituzioei denon bizitzekiko ardura hartzeko eskaera egin zien plataformak, Euskal Gobernuei mahai instituzionalak eskatuta, krisi egoera baten erdian aurkitzen den zaintza sistemako langileen egoera hobetzeko.

Ahalegin hauen aurrean, plataformak “ez dutela neurriko erantzunik jaso” plazaratu du, “Ezagutzen dugu zein den orain arte hartu diren erabakiak: zerbitzu publikoak pribatizatu, zaintza langileen lan baldintzetan aldaketarik ez, lurraldeen arteko desorekak mantendu…” gehitu dute, instituzioen erantzuna gogorki salatuz.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, beraz, azken hilabeteetako lanketari buruzko gogoeta honen ostean, “lehentasunez mobilizatzen” jarraituko duela plazaratu du, zaintzen krisia agendan mantendu, aktibazio soziala sustatu eta Herri Akordioan sakontzeko aukera ere sustatuko dituztela azaldu du plataformak, gaiaren lanketan sektore desberdinen ekarpenak bateratzeko.