5 urte bete ditu “Egunean behin” galdera erantzun joko ezagunak

uriola.eus 2024ko mar. 8a, 16:40
Patxi Huarte "Zaldieroa" marrazkilariaren ilustrazioa

Urte hauetan 220.000 jokalari eta 50 milioi partida baino gehiago izan ditu jokoak.

Bost urte igaro dira CodeSyntax enpresa eibartarrak “egunean behin” mugikorrerako galdera erantzunen jokoa sortu zutenetik; 2019tik hona 50 milioi partida baino gehiago jokatu dituzte 220.000 jokalarik, 160 astetan. Sortzaileen esanetan “Egunean Behin Euskal Herriko entretenimendu-kulturalaren zutabe bihurtu da”, adin guztietako jokalariak erakarriz haren sinpletasun eta galdera eta erantzunen erronkarekin.

Josu Azpillaga, jokoaren sortzaileetako batek, bost urteotan jokoak izan duen harrera eta garapenarekin pozik daudela azaldu du, “Hasieratik, gure helburua jokalari guztiei esperientzia dibertigarri eta hezitzaile bat eskaintzea izan da, eta gure jokalari-komunitatearen etengabeko babesagatik eskertuta gaude”. “Egunean behin”-ek Euskal Herrian dauka jokalarien ehuneko handiena, baina 45 herrialdetatik aritzen diren jokalariak ere baditu; hontaz gain, jokoaren eredua jarraituz, beste hizkuntza gutxitu batzuk ere bere egin dute “Egunean behin: galesez “Cwis bob dydd” izenarekin eta katalanez, “Un cop al dia” izenpean.

Urteurrena ospatzeko, antolatzaileek zozketa bereziak, galdera berriak eta beste zenbait ekintza antolatu dituzte sortzaileek, haien artean Patxi Huarte “Zaldieroa” marrazkilariak diseinatutako kamiseta esklusiboa lortzeko aukera, besteak beste, bost urte hauetan jasotako babesaren ordainetan.