Zaintza sistema publiko baten alde mobilizatzera deitu du mugimendu feministak

uriola.eus 2024ko mar. 8a, 20:36

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunen kariaz, agerian geratu da zaintza sistema publiko komunitario baten aldarrikapena.

Joan den azaroaren 30eko greba feminista orokorra berretsi eta zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu da gaurko martxoaren 8 honetan. Zaintza lanak ardura sozial bat diren aldetik, espezifikoki zaintza lanetan ardurak hartzea exijitu zaie bai gizonei, eta baita administrazio publikoei ere.

Irati Sienrak Bilboko Mugimendu Feministaren izenean adierazi duenez, azaroaren 30ean instituzio desberdinei zaintza lanen inguruan instituzioetan negoziazio mailak abian jartzeko egin zen deialdia berretsi eta administrazio publikoei ganorazko zerbitzu publikoetan inbertitzeko, lan baldintzak duintzeko eta zaintza lanak banatu ahal izateko politikak martxan jartzeko exijitzen zaie. Bereziki emakume etorkin eta arrazializatuek sufritzen dituzten lan baldintza prekarioak salatu dira baitaere.

Arratsaldeko 19:00etan Jesusen Bihotzean hasi da manifestazioa “Zaintzarekin, negoziorik ez!” lelopean.