Athleticeko jokalarien festa inprobisatua; txaranga, kalejira eta isuna

uriola.eus 2024ko api. 10a, 14:48
Argazkia: twitter

Asier Villalibreren elektrotxarangak eta Iker Muniainek gidatu zuen festa bart Bilboko erdialdeko kaleetan.

Athleticen jokalari eta zaleen ospakizunak ahorik aho eta albistez albiste ari dira aste honetan, Bilbo eta Bizkaia osoa bihar elezaharrezko gabarrak itsasadarreko urak zeharkatuko dituen zain dagoelarik. Atzo jokalari zein zaleek izan zuten elkarrekin, buruz buru, kaleak hartzeko aukera. Valverderen jokalarien afariaren ostean, Sakatu, Asier Villalibreren elektrotxarangako kideei deitzea bururatu zitzaien, eta bapateko kalejiran abiatu ziren Bilbo erdialdeko kaleetan zehar.

Iñaki Williamsek Instagramen partekatu zuen zuzeneko bideoak parrandaz gogotsu zeuden dozenaka jarraitzaile bildu zituen festara; hasieran dozenaka izan zitezkeen, baina kalejirak goia jo zuenean, Albia lorategian, ehundaka ziren bertaratu ziren zaleak. Sorbalda gainean igota eta mikrofonoa eskuan ageri da Muniain Athleticek sare sozialetan partekatu duen bideoan, zaleen “kapi, kapi, kapi!” ohiu artean. “Gogorra izan zen larunbatekoa, horregaitik irten nahi izan dugu gaur, zuek sentitzeko; familia bat garela esaten dugunean hitz hutsak ez direlako, gurekin sentitu nahi zaituztegu, ukitu, elkarrekin ospatu, salto egin, txapeldunak garelako!” zihoen Muniainek sorbalda gainean.

Jaiaren ostean izan da biharamuna ordea; Ertzaintzak festan parte hartu zuten lau futbolariei espedientea ireki die jakinarazi gabeko bilkura izan zela egotzita. Mozal legea indarrean dagoenetik, 24 orduko aurrerapenaz jakinarazi behar dira halako ekintzak; 600 eurorainoko isuna jaso dezakete jokalariek, hala ere, sareetan ikus izan daiteke Iñigo Lekue atzelaria, zaleekin txantxetan, “inprobisatua izan da eta eskuetatik joan zaigu. Isuna denon artean ordainduko dugu ezta?”.

Legearekin gora-beherak alde batera utzita, zaleek zein jokalariek eskertu zuten unea izan zen atzokoa. Iñaki Williamsek ere zihoen gaur goizean “eskerrik asko bihotzez, ez dakit ostegunekoa nolakoa izango den, baina atzokoa nire bizitzako egun onenetariko bat izan zen”.