Mecanerren ixte prozesua, Bizkaiko industriaren egoeraren sintoma

uriola.eus 2024ko api. 16a, 13:28
Argazkia: Mecanerren langileen goizeko mobilizazioa (LAB)

Ia 60 industria-enpresako kideak Mecaner enpresako langileekin mobilizatu dira, elkartasuna erakutsi eta industria-politiken jarrera aldaketa eskatzeko.

Mecaner enpresako langileak beste behin mobilizatu dira gaur, Stellantis multinazionalak lantegia ixteak dakartzan eraginak salatzeko. Oraingo honetan, Bizkaiko 60 industria-enpresa ingurutako enpresa-batzordeetako kideak ere mobilizatu dira Mecanerreko langileekin batera. Mecaner, duela 60 urte baino gehiago sortutako enpresa, Euskal Herrian matrizegintza jorratu zuen lehena, bertako industria-sektoreko aitzindarietako bat izan zen, eta Stellantis multinazionalaren enpresa ixteko erabakiak Bizkaiko industrian ematen ari diren zenbait fenomeno islatzen ditu, gaur mobilizatu diren kide guztiei zuzenean eragiten dizkienak.

LAB sindikatuak aipatu duenez, azken urteetan enpresa askok itxi dituzte ateak administrazioaren inolako esku-hartzerik gabe, ostean industria-gune horiek erabiltzen zituzten lurrak merkataritza-gune handiek edota empresa logistiko handiek erabili dituztelarik, “non langileen baldintzen ezaugarri nagusia prekarizazio-maila handia” den, ezkerraldea eraldaketa honen adibide argia izanda. Mecanerren historia eta egun oraindik duen errentagarritasuna baztertuta, Stellantisek enpresa ixteko erabakia hartu zuen duela zenbait hilabete; Eusko Jaurlaritzak hau eteteko esku-hartzerik hartu ez duen bitartean, Enpresa Batzordearen ekimenak jarri behar izan ditu mahai-gainean Mecaner (eta alor berdintsuko beste zenbait enpresen) etorkizuna dutela frogatzen duten ekoizpen-aukerak.

Industria trantsizio bidean

Sindikatuak plazaratu duenez funtsezkoa izango da datozen urteetan EAEko eta Bizkaiko ekonomiarentzat, bertako industria-sektoreek, automozioak eta energiak, besteak beste, egungo larrialdi klimatikoari erantzuna emango dion trantsizioari ekitea, “horregatik, inoiz baino beharrezkoagoak dira erakunde sendoak eta industria-politika aktiboa izatea”. Trantsizio honetan multinazionalen eta elite ekonomikoen interesak beharrean, langileen ongizatea defendatuko duen industria-politika argia duten erakundeak funtsezkoak direla azaldu du LABk, eta enpresa itxierei “laguntzeari” utzi eta lanpostuen defentsan eta herrialdearen etorkizun industrialean protagonista izatea eskatu dio Jaurlaritzari.