10 urte lehen .eus domeinua sareratu zenetik

uriola.eus 2024ko api. 16a, 15:07

.EUS domeinuaren 10. Urteurrena ospatzeko “10 urte betetzen ditugula?” kanpaina abian jarri du PUNTUEUSek.

10 urte bete dira domeinuak.eus web orriaren sareratzearekin .eus domeinua lehenengoz erabili zenetik; urte bereko ekainaren 28an sareratu ziren lehen 92 .eus web ataruak, eta abenduaren 3rako, 1292 ziren jada. Gaur egun 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakok erabiltzen dute .eus domeinuko web ataria. Urteurren berezi hau aukeratu du PUNTUEUSek, .eus domeinuaren inguruko ospakizunei hasiera emateko. Hasteko, esparru desberdinetako 10 lagun bildu dituzte Oihane Mateos, eitb.eus-ko aktualitate arduradunak gidatutako “10- URTE ETA PUNTU (EUS) solasaldira, domeinuaren erronka, helmuga eta aurrerapenak azaltzeko.

Solasaldian zenbait datu argigarri plazaratu zituzten hizlariek, Josu Waliño, PUNTUEUSeko zuzendariak, esateko, .eus domeinuak egungo interneten euskararen erabileri buruzko irudia osatzen laguntzen duela azaldu du “2023an egin dugun azken neurketak erakusten du Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten duela euskaraz .EUS diren webguneen %70 euskaraz dagoelako. Beraz, Internetek duen aniztasun horretan euskarak eta euskal komunitateak berariazko tokia irabazi dute .EUSi esker. .EUS domeinua euskal gizarte digital hobe baterako tresna da: euskaratik kohesionatuz, segurtasuna indartuz eta inklusioa sustatuz”. Nacho Amadoz, domeinuaren nazioarteko komunitatearen ordezkariak, .eus mundu mailan eredugarria den domeinua dela azpimarratu du, “bai bere komunitatean duen eraginagatik, bai gizartean duen onarpenagatik(…) eta interneten euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren tresnak sortzeko egindako lanagatik”.

10 urte betetzen ditugula? Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus)

10.urteurren honen harira, .eus domeinua eskuratzea erraztu eta komunitatea zabaltzeko, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin zuzendariak domeinua eskuratzeko 10€-ko prezio berezia aurkeztu du abenduaren 31ra arte. Hortaz gain, urte amaierara arte beste hainbat ekintza eta agerraldi egingo ditu PUNTUEUSek, lehenengo hamarkadaren ospakizunarekin jarraitzeko.