Aste Nagusiaren afixa bila dabil Bilbo

uriola.eus 2024ko api. 24a, 15:01

Ekainaren 2ra arte aurkeztu ahalko dira aurtengo festetarako kartelak.

Ireki du Bilboko Udalak 2024ko Aste Nagusiaren kartela aurkezteko epea. Aste honetan hasi, eta ekainaren 2ra arte, parte hartu nahi duten artistek hala egiteko epea zabalik izango dute, aurten, berritasun batzuekin. Betiko lez, lanak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta gehienez bi proposamen aurkeztu ahalko ditu partaide bakoitzak. Formatu bertikalean aurkeztu beharko dira lanak (50 cm x 70 cm) eta honako testu hai izan beharko dute agerian: “BILBAO 2024 – ASTE NAGUSIA – ABUZTUAK 17-25 AGOSTO”. Hortaz gain, izenburu edo lelo identifikagarri bat izan beharko du proposamen bakoitzak, deskribapen labur batekin batera

Aurtengo berritasuna, puri-purian dagoen Adminen Artifizialaren erabilera; proposamena aurkeztu duenak AA erabili badu, hala jasota egon beharko da lanean, baita tresnaren zenbaterainoko erabilera egin den eta nola, eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla bermatu beharko da. Udalak balorazioa egiteko orduan, gizakiek egindako kartelak hobetsiko direla azpimarratu du, Adimen Artifizialak egindakoen gainetik.

Baloratzeko orduan, epaimahaia osatuko duten bederatzi kideak Jai Batzordeak izendatuko ditu, bost diseinu grafikoarekin eta inguruaren komunikazioarekin harremana duten pertsonak izango dira; Udal Korporazioko hiru ordezkari izango dira, Itziar Urtasun, Jai Batzordeko presidentea barne, eta Bilboko Konpartsakide bat ere izango da epaimahaian. Kide hauek genero- eta sexu-orientazio, jatorri eta kulturan, dibertsitate funtzional, adin, klase sozial eta bestelako aniztasunak irudikatzea positiboki baloratuko dute, rolak eta estereotipoak baztertuta. Epaimahaiarekin batera, herritarrek ere izango dute Bozketa-sistema mixtoan parte hartzeko aukera, udalaren webgunearen bidez. Kartel finalistak 3000 euroko ordainsaria jasoko du.