Zabalik Txosnaganerako martxarako izen-ematea

uriola.eus 2024ko api. 26a, 12:55
Argazkia: Bilboko Konpartsak

Bilboko Konpartsen federazioak ireki du ekainaren 8an egingo den Txosnagane mendi-igoeraren XII. ekitaldiaren izen-ematea.

Bilboko Konpartsek beste urte batez jarri dute martxan Txosnagane mendi-igoera. Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu izenez ere ezagutzen da Pagasarri eta Ganekorta gainen arteko muina, 877 metroko garaiera duena.

Aurten ere bi ibilbide desberdin antolatu dituzte, parte-hartzaileek nahiago dutena hautatu dezaten: lehenengoa luzea, mendian eskarmentu gehiago duen jendearentzat, 19,48 kilometrokoa eta 854 metroko goranzko desnibela duena; 08:15ean bilduko dute dokumentazioa eta 15 minutu geroago San Adrian auzoko eliza paretik hasiko da ibilbidea. Bigarrena zertxobait leunagoa izango da, 14,29 kilometrokoa, eta 446 metroko desnibela izango du; 09:15etan bilduko dute dokumentazioa parte-hartzaileek eta 15 minutu geraoago irtengo dira, San Adrian auzoko elizatik baita.

Ibilbidearen helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, auzoko jaiekin bat eginda; mendizaleek bertan aurkituko dute berriz suspertu eta indarrak hartzeko beharko duten guztia, eta bertan egingo da parte-hartzaileen arteko sari-banaketa. Izen-ematea Bilboko Konpartsen web atarian egin daiteke, ekainaren 6a arte, edo parte-hartzaile kopurua agortu arte. Informazio gehiago bilbokokonpartsak.eus web orrian.