Udala eta gobernu israeldarraren arteko harremanak eteteko mozioa, bertan behera

Xabier Badiola 2024ko api. 26a, 13:46
Argazkia: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak aurkeztutako mozioa bertan behera utzi du Bilboko Udalak.

“Aukera galdutzat” jo du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Udala eta gobernu sionistaren arteko harremanak etetea xede zuen mozioa bertan behera uztea. Apirileko osoko bilkuran aurkeztu zuen Federazioak mozioa Udalean, Bilboko herriak palestinar herriarekiko elkartasuna adierazi, eta aurrera darraien armada sionistaren Gazako genozidioa salatzeko, horretarako Bilboko Udalak Israelgo Gobernuarekin izan zitzatekeen harreman ekonomikoak etenda.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren proposamena ez da aurrera irten ordea; Federazioaren hitzetan “harritzen duen zerbait” da hau, “Bilbo -balioen hiria- izateaz harrotzen baita, eta horien artean nabarmendu beharko litzateke ñabardurarik gabe arbuiatzen duela giza eskubideen edozein urraketa”.

Bilboko Udalak onezkoa eman dion gobernu-taldearen zuzenketa, Federakundeak konpromiso zehatz eta espliziturik gabetzat ematen du “orokortasunak eta asmo onak besterik ematen ez dituen proposamena da”, zeinak ez duen herritarren sentimendua islatzen. Palestinako herriak pairatzen duen genozidioa hitzez eta ekintzez gaitzesteko aukera galdutzat jo du elkarteak mozio hau.