Deustuko ubidea irekitzeko lanak maiatzaren 14an hasiko dira

uriola.eus 2014ko mai. 7a, 14:40
Ubidea irekita, Itsasadarraren uholdeen aurka Zorrotzaurre babesteko funtzio hidraulikoa lortuko dela eta Bilboko beste eremu batzuetan urak gainezka egiteko arriskua nabarmen murriztuko dela diote Udalak eta Eusko Jaurlaritzak.

Iaz, 2013. urtean, Bilbon data tragikoa ekarri zuten gogora: 1983ko uholdeen 30. urtemuga. Bilboren historiaren barruan, urak leku desberdinetan gainezka egin arren eta uholde ugari sufritu badira ere, 1983ko abuztuan agerikoa izan zen, itsasadarrean urak gaina hartzeko arriskua murrizte aldera lanak egin behar zirela.

Ikerketa hidrauliko ugari egin ondoren, Udalak, URA agentziak eta Jaurlaritzak ondorioztatu zenez, Deustuko ubidea irekitzeko beharra zegoela, "ezinbestean, Itsasadarreko urak Bilbon gaina ez hartzeko".

Hiru administrazioen artean (Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saila eta URA agentzia), hilabete askotan lan bateratua burutzen ibili ondoren, Deustuko Ubidea irekitzeko lanak hastekotan daude.

Lanak maiatzaren 14an hasiko dira; hainbat fasetan burutuko direla jakinarazi dute eta 16 hilabeteko epea izango dute burutzeko. Aurrekontua 20,9 milioikoa da.

Deustuko Ubidea irekitzeko, urbazterreko kai bi eraikiko dira, modu paraleloan lerrokatuta eta haien artean 75 metroko distantziaz banatuta. Hala, ubidean urbazter bikoitza egongo da: iparraldekoak 533 metroko luzera izango du eta mendebaldeko muturrean, salbamenduko ontziak uretara sartzeko arrapala batean amaituko da. Bestalde, hegoaldeko urbazterraren luzera 369 metrokoa izango da.

Ubidearen fondoaren kota aldakorra izango da, -5 metro itsasadarrari lotzeko eremuan eta -5,50 metrokoa Deustuko ubidearekin elkartzekoan.

Obra

Hasierako fasea. Ingurunean ezartzea.

Iraupena: aste 1

Obraren antolakuntza orokorra. Obra seinaleztatzeko eta hesiez inguratzeko aurreko lanak gauzatzea, lan egiteko eremua ahal bezain ondo mugatzeko xedez.

Aurretiko lanen hasiera

Iraupena: 3 aste

Fase honetan, hainbat zerbitzu desbideratzen dira (batik bat gasa eta energia elektrikoa) eta IMQren ondoko behin behineko saihesbidea egingo da, trafikoan eraginik izan gabe zubiaren horma-bularrak Deustun jartzen hasteko aukera bermatuko duena.

Erdialdea zulatzeko eta zubia eraikitzeko fasea

Iraupena: 9 hilabete

Fase honetan zubi osoa eraikiko da. Trafikorako irekiko denean amaituko da honako fase hau.

Piloteen eta zulaketaren amaiera (ildo-bizkarrak izan ezik) Iraupena: 3 hilabete.

Aurreko faseetan jarduneko bidetik hurbil egoteagatik egiterik egon ez den eremu horretako lanak burutzen jarraituko dute.

Muturreko ildo-bizkarrak zulatzea eta itsasadarraren ondoko zulaketa

Iraupena: 3 hilabete.

Fase honekin ubidea irekitzeko obra amaituko da.

Bilboko Udalaren Lan eta Zerbitzu Saila agintaldi honetan burutzen ari den inbertsio guztietatik Zorrotzaurreko Ubidea irekitzea estrategikoena da, izan ere, Bilborentzat funtsezko aldaketa ekarriko du. Oinarrizko helburua Itsasadarraren ondoko eremuetan urak gaina hartzeko arriskurik ez egotea da, batik bat, Deustuko Erriberan, Olabeagan eta Zazpi Kaletik Itsasadarraren ibilgu osoan.

Zubia

Zorrotzaurre hirigintza arloan berroneratzeko proiektuari esker, industriaren eta gizartearen ikuspuntuaren arabera gainbeheran zetorren eremu bat Bilboko metropoliaren auzune aktibo bilakatuko da. Bertan kokatuko dira, besteak beste, etxebizitza, gizarte, kultura eta herritarren aisiarako guneak.

Hori dela eta, etorkizuna irlara sartzeko zubia taxuketa berrian erabat txertatuta agertuko da, bai Zorrotzaurren, bai Deustun, hiriko esparru berri honen kale (berezi) gisa diseinatuta, ingurune hartako garapen osoa ahalbidetzeko asmoz.

Zorrotzaurreko Zubiaren bitartez, Deustuko Erribera etorkizuneko irlarekin lotuko da Julio Urkixo kalearen aldean eta Deustuko Ubidearen 75 metroko zabalera gaindituko du horrela. 26 metroko zabalera izango du eta bertatik ibilgailuak eta oinezkoak ibiliko dira. Guztira, lau errei izango ditu, hau da, 2 noranzko bakoitzean. Gainera, bi espaloi egongo dira. Zubian bidegorri bat ere egongo da bizikleten joan-etorriak errazteko.

Galtzada oinezko joan-etorrietatik eta bidegorritik bereizteko, altuera aldakorreko mastak dituzten habeen bitartez banatuta egongo da. Elementu horiek zubiaren egitura nagusia osatzen dute, trafikoak banatuta eta oinezkoei nahiz bizikletaz dabiltzanei segurtasuna emanda. Bestalde, zubiaren muturrak beirazko zuntzez egindako manpara batzuez babestuko dira, oinezkoak zaratatik eta haizetik babesteko eta Ubidearen ikuspegi ederrak eskainiko ditu.

Ibilbide osoan Itsasadarraz gozatu eta atsedena hartzeko eseri nahi dutenentzat eserlekuak egongo dira.

Azpiegitura berria obraren bigarren fasean ikusten hasiko gara, bederatzigarren hilabetearen inguruan, izan ere une horretan hasiko dira Bilboko itsasadarraren hamalaugarren zubia obrak.

Ubidea irekitzeko abantailak kopuruetan.

Egindako ikerketen arabera, Ubidearen irekierari esker, Zorrotzaurren, Botika Zaharrean, Euskaldunan, Abandoibarran eta Campo Volantinen urak gaina hartzeko arriskua nabarmen murriztuko da. Beraz, ubidea irekitzeak itsasadarraren uholdeen aurka Zorrotzaurre babesteko funtzio hidraulikoa dauka, hau da, urak gaina hartzea saihestu, ur-sekzioa handitu eta, ondorioz, uraren kota murrizten du. Efektu hori Campo Volantineraino heltzen da.

Eta badaude datu gehiago. BC3 Aldaketa Klimatikoa Ikertzeko Zentroak urak gaina hartzeko arriskuaren murrizketak nolako eragin ekonomikoa daukan zenbatzeko xedez ikerketa bat egin du. Ikerketa honen arabera, ubidea irekitzeak Bilbon uholdeen ondorioz espero diren kalte ekonomikoak nabarmen murriztuko lituzke. Estimazio horiek iradokitzen dutenez:

  • Ubidea ireki ondoren, kalteen murrizketa agerikoa da. Batez ere, epe laburrean. Hurrengo 10 urteetan gertatu litezkeen uholdeek ez lukete kalte garrantzitsurik eragingo.

  • 100 urteko epean gertatu litezkeen uholdeei dagokienez, estimatutako kalteak %67,42 murriztuko lirateke (241,34 milioi eurotik 78,62 milioi eurotara), betiere estimaziorik kontserbadoreenaren arabera.

  • 500 urteko epeari begira, uholdeen kalteak %30,70eko proportzioan murriztuko lirateke (444,30 milioi eurotik 307,30 miloi eurotara), betiere estimaziorik kontserbadoreenaren arabera.

  • Ehunekoetan, uholdearen kalkulua egiteko hipotesiaren epea zenbat eta handiagoa izan, kalteen murrizketa gero eta txikiagoa da.

Zorrotzaurre berroneratzea

Zorrotzaurreko eremuaren industria indartsua izan zen, batik bat, portuari dagokionez, XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan, Bilboko Portuak Deustuko Ubidea irekitzeari esker sustatutakoa, erabat amaitu ez arren.

Hala ere, 1970eko krisialdi ekonomikoak eragin oso handia eduki zuen industria ehun horretan eta apurka-apurka gainbehera heldu zen, jarduera industrial gehiena baztertu arte. Gainera, eremu hartako bizi-maila ere kaltetuta geratu zen, eraikinak eta espazio publiko zein pribatuak zaharkituta.

1995ean onartutako Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak Zorrotzaurreko erabilera industrialaren ordez, bizitegiarena ipini zuen. Era berean, Plan Berezi baten esku uzten zuen lur-eremu hartarako hirigintza arloko diseinuaren definizioa.

2011ko azaroan Bilboko Udalak Zorrotzaurreko Plan Bereziaren hasierako onarpena egin zuen, Zaha Hadid arkitektoaren Master Planean oinarrituta.

Plan berezi horretan Deustuko Ubidea irekitzea agertzen zen, Zorrotzaurreko penintsula irla bihurtuta.

Hitz batean, Zorrotzaurrearen berroneratzea proiektu integral eta orekatua da, iraunkortasuneko irizpideen arabera definituta. Gaur egun narriatuta dagoen espazioa berroneratuko da Bilboko auzo berri bilakatzeko, beste hiriguneekin ondo lotuta, etxebizitza irisgarriez, enpresa ez kutsatzaileak ezartzeko eremuez, ekipamendu soziokultural ugariez eta herritarren aisiarako gune zabalez hornituta.

Proiektua xede bikoitza dauka: batetik, itsasadarraren ur-ibilgua handitzen du Bilbon uholdeak gertatzeko arriskuak nabarmen murriztuta eta, bestetik, Zorrotzaurreko penintsula hirigintza arloan berroneratzeko balio du, irla bihurtuta.