JL Gomez Querejeta: "Askok pentsatu zuten upategia muntatzea panazea zela, baina ez da horrela"

prestaldizkaria 2015ko urt. 7a, 11:02

Agirre Lehendakariaren etorbidean bizi izan da Jose Luis Gomez Querejeta 26 urtera arte. Leku askotakoa sentitzen da: Deustukoa, Elorriokoa, Eskoriatzakoa… 1992tik txakolina egiten du Elorrion, mendiko txakolina, Mendraka izenekoa.

Une honetan, zein fasetan dago Mendraka txakolina?

Inausketarekin hastekoak gara hostoa guztiz jausi arte ezin baita mahastiaren inausketa hasi. Upategian, berriz, ardoa egonean dago. Batzuk lehenbailehen ateratzen dute. Guk ez dugu gustuko azkar ibiltzea. Ardoari egiten uzten diogu. Abenduaren amaieran ardoaren garbiketa, iragazketa eta egonkortzeari ekiten diogu. Gero botilaratzeko.

Noiz dastatuko dugu 2014ko uzta?

Lehen San Blasetan ateratzen genuen, goizegi zela eta, orain martxorako ateratzen dugu. Hortaz, otsailaren amaieran, martxoaren hasieran edangarri egongo da.

Iaz Bizkaian mahats kilo gutxi batu eta txakolin litro gutxi ekoitzi zirela eta, alarma piztu zen.

Iazkoa oso urte txarra izan zen, guretzat salbu. Ez zuen atertu San Pedro egunera arte, ekainaren amaiera arte. Mahatsaren loraldia ekainaren hasieran izan ohi da kostaldean eta eguraldia okertuz gero atzeratzen da. Loratzen denean geratu gabe euria ari badu, erdia baino gehiago kaltetzen du. Eta ekoizle asko kaltetu zituen. Gu, berriz, 300 metrotik gora gaude eta loraldia uztailean hasi zenez ez genuen arazo hori izan. 2013an nahiko ekoizpen ona izan genuen.

Oro har, iazko uzta eskasa izan zenez, berria heldu arte txakolin gabeko tartea egon zitekeela aipatu da.

Alarma piztu zen, baina ez du oinarririk 2014ko txakolin batzuk merkaturatuta baitaude. Egunotarako ateratzea azkarregi ateratzea iruditzen zait. San Tomas azokan, Areatzan esaterako, txosna batek eta ekoizle batek baino gehiagok saldu dute 2014ko uzta. Hamarrek baino gehiagok ere, ziurrenik. Guk 2013ko txakolina saldu dugu.

Eta aurtengo uzta?

Iazkoa baino apur bat txikiagoa. Ondo dago, baina nik gehiago espero nuen.

Zelakoa da txakolin berria?

Polita. Iraila eta urria hilabete onak izan dira eta horregatik ondo heldu da mahatsa. Pilar egunerako dena jasota genuen. Mahats osasuntsua izan da, azukretsua, eta 12 alkohol gradu ingurukoa.

Besteekin alderatuta, zein berezitasun du Mendraka txakolinak?

Berezia da gure txakolina mendiko txakolina baita, beti du garraztasun ukitua.  Upategian kentzea badago, baina gure enologo Mikel Gairazabalek ez dio kentzen. Hori da gure txakolinaren izaera, eta eustea erabaki dugu. Altitudea, lurzorua eta klimaren menpe gaude.

Non edaten da Mendraka txakolina?

Elorrion taberna guztiek dute gure txakolina, Bilbon ere hainbat lekutan aurki daiteke eta Deustun ere zenbait tabernetan. Apur bat utzita izan dugu Deustu, eta orain ari gara ahalegin berezia egiten. Brest, La Tortilla, JM, Egipto Berria eta Lagun Artean tabernetan, esaterako, Mendraka aurkituko duzue.

Pertsona helduentzako edaria da txakolina?

Inondik inora. Bizkaian egiten duguna ardo handia da. Bizkaiko Txakolina Kontseilu Arautzailearen erronka hori da, txakolina ardo ona eta garrantzitsu izatea, bertako mahatsarekin ekoiztua.

Bizkaiko Txakolina Kontseilu Arautzailearen lana nola baloratzen duzu?

Sei urte eman ditut kontseiluan eta baikorki baloratzen dut bere lana. Mahatsaren jatorria eta azken produktua kontrola dezala eskatzen diot nik. Azti-Tecnaliari, berriz, eskatuko nioke kontroletan zorrotzagoa izateko kontsumitzaileek bertako produktua edaten ari den bermea izan dezaten.

Zelan dago txakolinaren sektorea?

Urte zailak izan dira eta oraingoak ere urte zailak dira krisiak denak arrastaka eramaten baititu. Sektorea izorratuta dago. Askok pentsatu zuten bodega muntatzea panazea zela, baina ez da horrela. Horregatik upategi batzuk une txarra pasatzen ari dira. Tentuz ibili ezean, gu bezala astiro lan eginez, upategia osatuz, merkatua aztertuz… kolpe latza hartzeko arriskua handia da.

Hondarribi Zuri Zerratua mahats mota erabiltzen duzu zuek. Zergatik?

Hondarribi Zuriren ahizpa da. Garau apur bat txikiagoa du, ondorioz muztio gutxiago ematen du, baina guri gehiago gustatzen zaigu kalitate gehigo ematen duelako. Gainera, zerratuaren landarea menperatzea errazagoa da.

Txakolinaren zein fasetan gozatzen duzu?

Jasotzean, gehien. Mahats garauak loratzen direnean izaten dugu tentsio gehien landarearen unerik kritikoena baita. Gozatu eta sufritu egiten dugu aldi berean. Landarearen oso gainean egon behar duzu. Guk ez dugu mahatsa ekoizteko klima egokirik, hori horrela da. Mahatsa lehorreko laborea da. Urtean metro kuadroko 1.300 litro euri bota arren, burugogorrak garenez tematu egiten gara horretan, eta mahatsa ateratzen dugu.

Zenbat langile zarete Mendrakan?

Funtsean, bi. Behargin bat eta biok. Baina atzean familia osoa dugu. Uzta bilketa garaian, adibidez, 60-80 lagun artean etortzen dira. Goizean mahatsa batzen dugu eta lan egin ostean, paella jan eta jai giroan egoten gara.

Zelan deskribatuko zenioke Mendraka ezagutzen ez duenari?

Elorrion dago, Argiñetako nekropoliaren gaineko maldan. Bertan dago Mendraka auzoa eta Mendrakan dago Elizalde baserria, nire amaren asabena. Bost hektareako mahastiak ditugu, hegoaldera begira, Anboto eta Udalaitzi begira. Oso leku polita da.

Lantegi paregabea daukazu.

Bai. Udan eta udaberrian zoragarria da bertan lan egitea. Urtarrilean eta otsailean, inausi behar denean, sekulako hotza egiten du, eta ez da batere atsegina. Arropa asko eta botak jantzi behar izaten ditugu. Lan gogorra da.

Zelakoa da Elizalde baserriko upategia?

Korta eta lastategi zaharra erabili genituen upategia egiteko. Beheko solairuan tangak daude eta lehen solairuan biltegia eta botilaratzeko makinak.

Zein da zure erronka?

Zoriontsu izaten jarraitzea. Kar, kar, kar. Haztearekin ezin da zoratu, bestela, porrot egin dezakezu. Errentagarria izateko beste dimentsiora iristea gure mahasti eta upategia, lasai bizitzeko behintzat, eta ikertu eta lan egitea geroz eta kalitate gehiago duen ardoa lortzeko. Hori da gure helburua.

Egin daiteke egun txakolina Bilboaldean? Deustun?

Bai. Errekalde gainean bada mahastia bat. Munetaberri txakolina egiten dute, eta oso ona iruditzen zait, oso goxoa da. Artxandan ere bada beste mahasti bat.

Deustu txakolin herria izan da.

La Salle ondoan ezagutu dut nik txakolindegia. Umetan inguruan jolasten nuen.

Orduko txakolina oso bestelakoa zen.

Ez zuen zerikusirik egungoarekin. Ez zuten ez muztioa ez ardoa garbitzen. Zapaltzen zenean pats eta haziak, zapore txarra ematen dutenak, ez ziren baztertzen eta hartzitu egiten ziren. Orduko txakolina edateko zaila zen.

 

mendraka.com