Frank Gehry zubia gaur zabaldu dute trafikora

uriola.eus 2016ko urt. 19a, 08:00
Zubiaren inaugurazio eguneko une bat

Irailean oinezkoentzat soilik ireki zen eta gaur, urtarrilak 19, trafikoarentzat zabaldu da. Hortaz, Deustuibarrara eta Zorrotzaurrera Frank Gehry zubia zeharkatuta bakarrik sartu ahalko da aurrenatzean. Zubiaren irekierak Bilbobuseko A4 (Zorrotzaurre–Deustu) linearen funtzionamenduan eragina izango du.

Gehry zubia gaur, asteartea, ireki dute. Zorrotzaurreko etorkizuneko irlara sartzeko bide bakarra izango da, bai oinez bai ibilgailuz. Bilboko Udalak Euskaldunako biribilgunearen ondoko eremua hustuko du, Kanalerako lurrak industeari ekin aurretik piloteak ipintzeko lanak amaitzeko asmoz. Horretarako, irlara sartzeko gaur egungo errepidea trafikorako itxi behar dute, eremu horretan ibilgailuen joan-etorririk izan barik.

Gaurtik aurrera, Gehry zubia irlarako lotura bakarra izango da. Horretarako, bina errei egongo dira norako bakoitzean, bidegorriaz eta jarleku luzedun espaloiez gain. Orduan hasiko dira itsasadarretik gertuen dauden Kanalaren mutur bietan piloteak ipintzen, Zorrotzaurre irla bihurtuko duten Kanaleko lurrak industeko lanei ekin aurretik.

Hori dela eta, gaur, trafikoa behin betiko etenda geratuko da Deustuko Erriberaren eta Euskaldunako biribilgunearen artean. Gaurtik aurrera, Zorrotzaurrera ibilgailuz sartu ahal izango da Frank Gehry zubia zeharkatuta. Zubitik irteteko, Olaeta baletak kalea erabiliko da, trafikoaren oraingo noranzkoan.

 

A4 Bilbobusa

Zubia irekitzeak Bilbobuseko A4 (Zorrotzaurre–Deustu) linean eragina izango du, izan ere, bere ibilbidea aldatuta geratuko da urtarrilaren 19tik aurrera. Bilbobuseko honako geralekuak kenduko dira: Deustuko Erribera (3), noranzko bietan; eta Botika Zaharra/Euskalduna, Deusturako noranzkoan. Hala, geraleku berriak egongo dira: Deustuko Erribera (9) eta Eraso jenerala / IMQ Klinika Deusturako noranzkoan eta Deustuko Erribera 8, Zorrotzaurrerako noranzkoan.