Ramon Barea: "Bizirik jarraitzeko gogoa ematen dit antzerkiak"

prestaldizkaria 2016ko aza. 4a, 12:39

Argazkiak: Iñigo Azkona

Erriberako parkean elkartu gara Ramon Barea aktorearekin, ordu erdiko elkarrizketa izan behar zena luzatu da nahi gabe. Zinemira saria jaso berri du eta hori izan da aitzakia aktore lana pasioz bizi duen 67 urteko gizon interesgarri eta apal honekin hitz egiteko. 

Topera zabiltza Madril eta Bilbo artean. Nekatuta?

Ez, zoriontsu sentitzen naiz. Egin nahi dudana egiten dut eta nire lanbideak asetzen nau. Irailean hasi ginen Incendios antzezlana taularatzen Madrilen eta ordutik egunero publikoa zutik jartzea lortu dugu. Txaloak entzutean zirrara berezia sentitzen da. Gudari buruz ari gara, gure sustraien bilaketaz, eta gaiak ikuslegoa mugiarazten du. Hura ikustean, antzerkian askotan aipatzen dugun katarsia zer den ulertzen hasi naiz. 

Bitartean, Zinemira euskal zinemagintza saria jaso duzu.

Bai, eta sorpresa handia izan da niretzat, ez nuen espero. Ezin izan nintzen Donostiara joan saria jasotzera, Irene Bauk jaso zuen nire izenean, baina poz handia sentitu nuen. Pertsonal mailan, maite nautela sentitu nuen, batzuetan ikusezinak garela pentsatzeko joera dugu aktoreok. Mezu asko jaso ditut, ezagun eta ezezagunenak eta indarra ematen dit ikusteak jendeak nire lana baloratzen duela, baina batez ere, Zinemirarekin nire belaunaldiko jendea saritu dutela uste dut.  

Beraiei eskaini zenien saria.

Bai, beti egin dut lan taldean, oso berandu hasi nintzen nire izenarekin lanak sinatzen. Babestuta sentitzen naiz taldean.  

Zure ondoan egondako emakumeak ere gogora ekarri zenituen eskerrak ematean.

Nire bikote harremanak ez dira errazak izan. Gehienetan bikote finkoa izan dut, oso gutxitan egon naiz bakarrik, seguruenik koldarkeriagatik izan da. Beti izan dut ondoan norbait, eta emakume horiek nire konplizeak izan dira. Eskertu nahi izan diet emandako guztia, ez dut ahazten.  

Atzera begiratzen duzunean zer sentitzen duzu?

Harrotasuna eta nostalgia puntu bat seguruenik. Orduan ilusio handiarekin eta diru gutxirekin hasi ginen. Lehen egiten nuena egiten jarraitzen dut. 

Orain ilusio hori galdu egin dela uste duzu? 

Oraindik ere badago. Gurea bokaziozko lanbidea dela uste dut. Oso gutxi bizi gara honetaz, %80 bat edo, ni zentzu horretan pribilegiatua naiz. Beti dago ziurtasun eza, eta egoera horretan pasioak mantentzen zaitu. Horrek eusten zaitu.  

Zer ematen dizu antzerkiak orain?

Bizirik jarraitzeko gogoa, bizitza eta pertsona ulertzen laguntzen dit. Lasaitasuna ere, lehen zorrotzagoa nintzen eta neurona asko erre ditut bidean, batzuetan nire buruari galdetu diot ea zorroztasun horrek merezi zuen. Orain gizon nagusi bat naiz, errespetu handiagoa didatela ikusten dut, administraziora joaten naizenean adibidez (barre egiten du).  

Erretiroa noiz hartuko duzun galdetuko zizuten noizbait.

Ez dut jubilatu nahi eta erreka ondotik paseatu. 67 urte ditut eta niretzat antzeztea yoga egitea bezalakoa da. Behin hasitakoan dena kontrolpean izatea lortzen duzu: esan behar duzuna, besteak esango duena, arnasketa, gorputza, emozioak... kontzentrazio maila handia eskatzen du eta oso erlaxatuta amaitzen dut. Terapeutikoa da erabat. Artearen bitartez barruan dugun patologiaren bat bideratzen dugula uste dut. Artistok ezin dugu lan egin banketxe bateko bulego batean adibidez. Barruan dugun zerbaitek ez digu uzten. 

24 urte zenituela bulegoko lan finkoa utzi eta antzerkigintzan murgildu zinen. Erabaki zaila izan zen?

Argi nituen gauzak. Nerabezaro gogorra izan nuen, ikasle txarra bilakatu nintzen; hortik etor daiteke nire patologia. Nire aitak akademia bat zuen, berehala hasi nintzen idazmakinan idazten eta bulegoetan lan egiten. Nire ama harro-harro zegoen. Antzerkia aisialdirako uzten nuen Aterpe Alai taldean. Baina egun batean urratsa ematea erabaki nuen. Lana utzi eta urte batzuetara amak bulegoagatik galdetzen jarraitzen zuen, errealitatea onartu nahi ez duen antzerkiko pertsonaia bat bezala jokatzen zuen.  

Antzerkian zuen kabuz ikasi behar izan zenuten, autodidaktak beraz.

Bai, baina halabeharrez. Hemen ez zegoen irakatsi ahal zigun belaunaldirik, ezta euskal konpainiarik. Madrilera ikasten joatea pentsaezina zen. Ahal nuen guztietan bertara joaten nintzen nire ahizparen etxera. Nuen diru apurra antzokietan utzi nuen, liluratuta geratzen nintzen. Egia esateko, ez dakit nondik datorkidan grina hori, nire ama irakaslea zen eta aita musikaria. 

Curriculumari garrantzia gehiegi ematen zaio gaur egun?

Baliteke. Nik nahiago dut jendea antzezten ikustea zenbat ikastaro egin dituen jakitea baino. Hala ere, aukeran, nahiago nukeen formazioz betetako curriculum bat eduki izana. Askotan kontatzen dut Bilboko Plaza Barrian txakur toreatzailea eta meza-mutila izan nintzela, nire curriculuma puztearren. 

Etorkizun hurbilerako ametsik?

Une honetan bihotza Pabellón 6en dut. Entrenamendu, jolas eta sormenerako gunea da niretzat. Belaunaldien arte topaleku bikaina da. Sortu dugun gazte konpainiarengan ilusio handia dut, suposatzen dut nik izan ez nuen zerbait delako. Romeo y Julieta antzeztu eta gero beste proiektu bat dugu orain esku artean.  

Noizko Euskal Herriko Antzerki Konpainia Nazionala?

Oraintxe bertan konpainia bat baino ekoizpen propio gehiago sortu beharko zirela uste dut, eta horretarako lege dekretu bat aterako nuke. Diru publikoarekin plataforma zabal bat sortu beharko litzateke hemengo talde profesional on batekin, EAEko hiru hiriburuetan elkarlanean aritzeko. Ez dena normala da hiriburu bakoitzean sortzen diren lan apurrak erkidego osotik ez zabaltzea. Elkarlana beharrezkoa da.

Aisialdian zer egiten duzu?

Lan, hori da nire bizitza. Baina azken boladan joera bitxi bat dudala aitortuko dizut, Madrilen bakarrik nagoenean batez ere. Arropa dendetara sartzen naiz, eta gehienetan sekulan jantziko ez dudan zerbaitekin amaitzen dut. 

Erronka pertsonalik baduzu?

Lanean jarraitzea, telefonoak jotzen segitzea eta proposamen berriak jasotzea. 

 

Elkarrizketa: Nerea Olaziregi