Deustuko Kanala edo itsasadarraren desbideraketa (I)

prestaldizkaria 2017ko urt. 4a, 08:00

Irudiak: Txema Luzuriagaren bilduma

Deustuko Kanala izena aspalditik ezaguna da. Betiere, 1925ean Bilbok Deustu anexionatu zuen garaian, anexioaren babespean, Bilboko Portuko Obra Batzordeak hasi zuen proiektuari lotuta. 2016an eta datozen urteetan Deustuko hirigintzan eta gizartean eragin zuzena izango du obrak Kanalaren behin betiko irekiera dela eta. Horregatik nahi izan dut islatu Kanalaren genesia artikulu-sorta batean apur bat gehiago ezagut dezagun Deusturi eman zioten labankada honen historia. 

Izan ere, bi guneren sakabanaketa eragin zuen, batetik Erribera eta bestetik Tellaetxe bereiziz. Ondorioz, bere lursaila eta bizimodua utzi behar izan zuten herritar askok, Gerra Zibil garaian burutu zen nahitaezko desjabetzeen bitartez.  

Lehen proiektua, ez dezagun ahaztu, kanal bat eraikitzea zen, eta ez azkenik eraiki zuten nasa edo kaia, XX. mendeko 20ko hamarkadan sortu zen. Deustuko gazte batzuk aipatu didate, “betidanik bertan egon dela” pentsatzen zutela, baina ez da horrela. Egia da, prozesuak hainbat fase izan zituela, besteak beste, lursailen desjabetzea eta finantziazioa. Bai finantziazioa bai obraren exekuzioa Gerra Zibilaren ondorioz atzeratu ziren.  

Bada, proiektuaren lehen berria prentsan 1927koa da. Propiedad y Construcción aldizkarian argitaratzen den artikuluan. E. Loygorri de Peredak sinatutako testuak Alrededor de un grave problema. El complicado asunto del canal de Deusto izenburua du.  

Artikulu egileak dioenez, 1927an “ahaztuen artean, eragozpenak eta nahasmenduak sortzen ari den proiektua da, tamalez, hastapenetatik. Itsasadarra desbideratzeko asmoaz mintzo gara, Elorrietan hasita eta… inork ez dakien lekuan amaitzeko”. Arrazoi osoa zuen, 100 urte pasa baitira eta oraindik ez baitugu obraren amaiera ikusi. Azpimarratu nahi nuke, artikuluan aipatzen den moduan, hasierako ideia ‘itsasadarra desbideratzea’ zela, itsasadarra kai gisa gera zedin. Ideia hau argi ikus daiteke garaiko Nodotik jasotako irudietan.  

Artikuluak beste kontu bat ere aipatzen du: “Lurgune horiek lurrezkoak baino txokolatezkoak dirudite. Obra Batzordeak, beraz, arriskua ekiditeko bitarteko egokienak aurkitzeko azterketa abiatu du. Bitarteko komenigarriena eta eraginkorrena eta bakarra itsasadarra desbideratu eta lur barnera eramatea da. Horrela, gainera, ubidea artez dateke hainbat abantailekin, besteak beste, ontzigintzarako, merkataritzarako eta industriarako gune bikaina lortuz”.   

Iñaki Uriarte arkitektoak, 2006ko La ría y el canal de Deustu izeneko artikuluan garai hartako Deustu zelakoa zen deskribatzen du: “Bilbotik gertu zegoen elizatea zen Deustu, iparraldeko mugan Banderas mendia eta Berriz auzoa zituen eta hegoaldean itsasadarra. Batik bat nekazal lurrak ziren eremuan sakabanatuta 9.000 biztanle zituen. Bazuen nukleo politiko erlijiosoa San Pedro parrokiaren inguruan, ibaiko lehen lerroa eraikia, erlatiboki etengabea, tailerrak, ontziola txikiak eta etxebizitzak zituena errepide eta sirga bidean zehar itsasadar bazterrean bere bokalera arte. Legez, 1924ko urriaren 29ko legea ezarrita, Bilbon txertatu zuten, beste zabalgune batzuekin batera, hala nola, Begoña eta Erandioko Lutxana auzoa. 1925eko urtarrilaren 1ean sartu zen legea indarrean.  

Ondorioz, apur bat beranduago, 1926an Bilboko Udalak Hiribilduaren Hedapenerako Lehiaketa egin zuen publiko. Lehiaketako oinarrietan partaideei gomendatzen zien “amerikartasunetik ihes egiteko” eta “hobe da ona eta egingarria dena zoragarria eta ezinezkoa baino”. Bertatik sortu zen Proyecto de Extensión Urbana de la (Ilustre) Villa Bilbao con las anexiones de Begoña, Deusto y parte de Erandio, 1929an Segurola eta Odriozola arkitektoek idatzia. Bertan ageri da jada Deustun kanal bat zabaltzeko borondatea. Segurola eta Odriozolak Portuko Obra Batzordearen aurretiko proposamena bere egin zuten. Batzordearentzat interesgarria zen ibarra hobeto aprobetxatzea itsasoko eta merkataritzako zerbitzuetarako”.  

Eta orduantxe sortu ziren lehen arazoak, “Bilboko Udalak ezin baitzuen eraiki anexionatutako lursailetan Obra Batzordearen proiektuak ezagutzen ez zituelako. Deustuko herritarrak haserrea agertu zuten, hamaika arrazoigatik, ezin baitzuten euren sailetan eraiki...” 

Horrela bada obrak egiteko proiektua Herri Lanetako Ministerioan aurkeztu zuten 1928ko otsailean eta urte bereko ekainaren 9an onartu zuten, R.O.-k eginiko agindu batzuekin, eta dokumentu gehigarriak idatzi zituzten. 1929ko urriaren 10ean onartu zituen R.O.-k, eta obrak kaltetutako lursailen desjabetzerako txostena zabaldu zuten. 

 

Jauzi egin dezagun 1931ra Enrique de Ocio y Urretak Propiedad y Construcción aldizkarian Deustuko Kanaleko proiektuari buruz zer idazten duen jakiteko. Dioenaren arabera, obraren tamaina hain handia denez obraren beraren exekuzioa eta lursailen desjabetzeari zuzenean eragiten die. 

Bizkaiko Jabetza Hiritarreko Ganbera Ofizialeko abokatu-aholkulari denak dio: “Obraren prestaketaren eta, neurri handiagoan, obraren egite teknikoaren garrantzia neurtzeko eta bereizteko beharrezkoak diren proiektuko zenbait atal ez dira nahikoa argi azaltzen. Irekierak kaltetetzen dituen lurren jabeen intereseko diren gaiak dira. Baita obraren finantziazioa ere”. 

Enrique de Ocio y Urretaren arabera, Kanalaren eraikitzeak kaltetutako lursailen titularren jabetza eskubideak direla eta, Nahitaezko Desjabetzeen Legeari dagokionez, bistakoa da 43. artikulua ezartzeak sortzen duen bidegabekeria. 1918ra arte erabilpen publikoa zela eta lursaila galtzen zuen lur-eremuaren jabeari, desjabetzearen arduradunak 30 eguneko epean ez bazuen obra exekutatu, atzera egiteko eskubidea aitortzen zitzaion desjabetzean galdutakoa berreskuratzeko aukera emanez, desjabetzean eskuratutako diru kopurua itzultze soilarekin.  

Geroz eta nabarmenagoa da aurreko testuak duen egokitzeko beharrizan onuragarria, egunez egun bere ezarpenak praktika bidegabeak eragiten baititu. Hortaz, desio dugu Nahitaezko Desjabetzeen Legeak duen akats handi hori zuzen dezala Espainiako ardura legegileak. Bere salbuespen izaeragatik, desjabetza jasan duen jabearen alde nabarmenki egin behar du lege berrituak”.  

Baina 1942an (Gerra Zibilaren ostean eta garai frankistan) La Basconia aldizkarian ikus dezakegu zelan zehaztu zen Deustu zatitu zuen Kanalaren proiektua, kaian bukatu zena. 

“Kanalak, Deustuko ebakian dagoen kaian hasi, elizako jaitsieraren parean, eta lehen bihurgune handi baten ostean, lerro zuzena eginez zeharkatzen du ibarra Elorrietara arte. Bertan berriro ere bat egiten du itsasadarreko egungo ubidearekin. Osotara, 2,409 kilometro luze da eta 100 metro zabal. Aipatutako bihurgunean ezik. Bihurgunean 30 metroko zabalera gehigarria du, itsasbeheran zazpi metroko sakonera duela. Horrek batik bat nabigazioa itsasbeheran egitera bideratzen du. Guztiz nagibarria izan daiteke marea erditik aurrera, 9,25 metroko sakonera duela.  

Kanaleko eskuineko ibarrean ezartzen dira itsasoko zerbitzuetarako guneak eta hiriko merkataritzarako guneak. Bideak, estalpeak, bestelako lokalak, 20 metro zabal den kale batean, 50 metroko lursaila tarteko, itsasoko garraioak biltegiratzeko erabiliko dena, eta 15 metro zabal den beste kale bat ibilgailuen garraiorako erabiliko dena.  

Gune berri hori itsasadarreko ezkerreko ibarrarekin lotu asmoz, eraikitze proiektuan ageri da zubi ‘igogailu’ eder bat, 650 metrokoa eta bi solairukoa. Goiko solairua ibilgailuentzat erabili nahi zuten eta behekoa Nerbioiko bazterreko bide zabaleko trenbide lineentzat”.  

Konturatuko zinenez, irakurle, proiektua polita zen… paper gainean. Baina ez du ematen lursailen jabeek jasan zuten nahitaezko desjabetzeen gorabehereen berri. 

 

(Jarraituko du)

 

Testua: Txema Luzuriaga / PREST! aldizkariko erredakzioan itzulia

Argazkiak: Txema Luzuriagaren bilduma