Martxoaren 8a ospakizun eguna dela diotenen argudioak benetan ulertzea kostatzen zait. Zer ospatu dezakegu? Lan baldintza okerragoak ditugula? Sexualitateaz aske gozatzen ez dugula? Autobus transfobiko bat gure hirira datorrela? Erailtzen gaituztela?... Galderen zerrenda amaitezina izan daiteke.
Orain dela urte batzuetatik hona berdintasuna, parekidetasuna edota feminismoa bezalako kontzeptuak gehiago entzuten dira Bilboko kaleetan. Alde batetik, poztekoa da, baina beldurtzekoa ere kontzeptu hauek politiko eta alderdi kontserbadoreetatik datozenean. Zer gertatu da gure jendartean zapaltzen gaituztenek gure leloak edota aldarrikapenak beraienak egiteko?
Lege zapaltzaileak, jarrera zapaltzaileak eta ordenantza zapaltzaileak inposatzen dizkigutenak maiz udaletxeko eskaileretan agertzen dira emakume bat erailtzen dutenean edota jaiak hasi aurretik (aurpegia zuritu nahian). Gaur, martxoak 8 izanda udaletxeko eskailera horietan jarriko dira, beraien gorputz eta jarrera arrotz eta patriarkalarekin, eskubide berdintasuna 'aldarrikatuko' dute.
Feminismotik askotan dikotomiarekin apurtu nahi izan dugu; ni eta zu horrekin apurtu, zapaldu eta zapaltzaile binomioarekin bukatu, denok zapalduak eta zapaltzaileak garelako jendarte lehiakor honetan. Baina oraingoan, martxoaren 8an, dikotomiaren alardea egin nahi dut. Martxoaren 8a guk bazterretatik eraikitzen dugulako eta haiek boteretik begiratzen dutelako.
Beraiek, zapaltzaileak, martxoak 8 ospatzen dute, emakumearen eguna ospatzen dute, berdintasuna ospatzen dute. Guk martxoaren 8an borrokatzen dugu, grebara goaz, oihukatzen dugu, aldarrikatzen dugu!
Zuek zapaltzaileak, jarraitu ospatzen. Besteok periferiatik aldarrikatzen, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Eta iraultza guztietan bezala, zuek ospakizunetan murgilduta zaudetenean, despisteren batean… antolatuta gaudenok, martxoaren 8a borrokatzen dugunok, garaipena lortuko dugu!
Martxoaren 8a borroka eguna delako!
Gora borroka feminista!
Testua: Maitane Muñoz, Bilgune Feministako kidea
[Bilgune Feminista: Feminismoa zorroztu]