Bilboko Udalaren arabera, 12 udaltzainek, Ertzaintzaren 6 furgonetak eta txalupa batek hartu zuten parte igande goizeko sarekadan. 08:30 eta 11:30 bitartean Deustuko Erriberako pabiloi eta etxe abandonatuetan lo egiten duten 39 pertsona identifikatu zituzten.
Horietatik Udaltzaingoa eta Ertzaintza hiru pertsona ikertzen ari dira zenbait lapurreta eta mehatxurengatik. Beste pertsona batek bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua zeukan. Gainerakoak Gizarte Ekintzako zerbitzuetara bideratu zituzten. Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziaren arabera, 39 lagun horietako asko gazteak dira, pabiloietan lo egiten dutenak eta egunez Peñascal fundazioan ikasten dutenak.
Operazio poliziala Deustuibarreko auzokideek segurtasun falta salatzeko joan den asteazkenean egin zuten kontzentraziotik aste betera izan da. Auzotar batek jasan zuen eraso bortitzaren harira, Erriberako auzokideek elkarretaratzea egin zuten Udalari segurtasun neurriak eskatu eta "Udaltzaingoaren presentzia handitzea" exijitzeko.
Udalak konpromisoa hartu du, auzotarrek eskatu bezala, Udaltzaingoaren presentzia handitzeko, Gehry zubiaren inguruan argitasuna handitzeko eta ikuspena hobetu asmoz hesiak aldatzeko. Horrezaz gain, bideozaintzarako kamera bat jartzeko tramiteak hasi ditu Udalak.
[2017-03-22] Deustuibarrako sarreran dauden hesiak aldatzeko konpromisoa hartu du Udalak