Apirilaren 1ean ireki zituen ateak San Inazioko Auzo Etxe berriak Navarro Villoslada kalean. Prozesu luze baten ondoren, auzotar talde batek urteetan itxita egon den gunea "berreskuratu" zuen, euren "beharrak eta interesak asetzeko baliabide falta" sumatuta.
Azaldu dutenaren arabera, asmoa "auzotar guztiontzako erreminta bat" izatea da, elkarren arteko "sare egonkor" bat eraikitzeko. Horregatik, ideiak, nahiak eta proposamenak "partekatzera hurbiltzeko" deia luzatu dute.
Unoeoro ateak irekita dituztela adierazi dute, "proiektua ezagutu eta lagundu nahi duen edonorentzako". Arratsaldero auzolanak deitu dituzte 16:00etatik aurrera, eta asanblada irekiak 19:30ean. Horretaz gain, informazio gunea jarri dute barruan, "edozein momentutan jendea hurbildu dadin".
Bestalde, sare sozialen bitartez harremanetan jartzeko aukera ere badago Saniko Auzo Etxea facebook orriaren bitartez, @saniberpiztuz Twitter kontuaren bidez edota sanikoau@hotmail.com emaila erabiliz.