Asteak daramatzagu etxean giltzapeturik. Egunek, orduek eta segunduek eskuen artetik ihes egiten digute. Etxeko leihotik begira eta irratia piztuta, esatariaren eguraldi iragarpenak berriro, “arratsalde partean lainoak sartuko dira eta tenperaturek behera egingo dute nabarmen…”.

Ez zait inporta. Denbora galtzen nabilenako sentsazioak irensten nau, egin beharrekoen zerrenda amaigabea, abiapuntua bai, baina helmugarik ez daukan papiroa, gero eta gertuago amaiera, gero eta gertuago hasiera. 

Otu zait papera eta boligrafoa berriro ere elkartzea, jakin gabe non amaituko den gaurko harreman labur hau. Zor bat daukat berarekin, eurekin. 

Lausoak dira txikitako oroitzapen horiek. Lantzean-lantzean, ospakizun berezietan, emakume bat etortzen zen gurera, osaba eta izekoren laguna. Ez nekien zergatik zetorren bakarrik, ez eta okurritu ere galdetzea. Burgoseko biztanle gutxiko herrixka hartan ikusi nuen lehen aldiz, gehiagotan ere, ziur, baina ez naiz gai memorian zehatz kokatzeko. Zeinek esango zidan inoiz gure bizitzak zeharkatuko zirenik…

2004an atxilotu zuten gure auzokide bat Deustun, gure atarikoa, Madariaga kaleko 45.ekoa. Antzera nabil oroitzapen hauekin, lausoak, desitxuratuak. Elkarrekin gurutzatu bai, baina agurtuko nuen noizbait? 

Orduan hasi nintzen ulertzen. Batzuek asko eman, eta trukean asko galdu. Batzuek momentu batzuk eman, eta, ondorioz, urteak galdu. Batzuk heriotza emateko prest, eta bizitza erdia galdu. 

Txikitasunetik, umiltasunetik, bueltan ezer ez espero ez duten guzti horiengatik etsiko ez dugulako agintza eman genuen, eta azken arnasak bidetik ito ez gaitzalako beldurrari egiten diogu aurre. Atzo, 50 urte bete zituen Jon Mirena San Pedrok, Deustuko herriko euskal preso politikoak. Txikitan Burgosko herrixka hartan ezagutu nuen emakumearen bikotea da Jon, eta aurten ere 25 urte beteko ditu giltzapeturik, ilunpetan, kalea eta askatasuna noiz berreskuratuko zain. 

ZORIONAK JON!

Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu politikoak etxean nahi ditugu!