Covid-19a eta langile klasearenganako jazarpena

prestaldizkaria 2020ko mai. 4a, 13:49
Testua: Irene Ruiz eta Argia Kortabitarte

Hilabete luze igaro da gure etxeetan sartuta egotera derrigortu gintuztenetik. Osasun-krisiaren aitzakiapean, martxoaren 14an Espainiar Estatuak alarma-egoera deklaratu zuen eta, geroztik, mundu mailako oligarkiak ustez gure osasuna babestera begirako neurriak inposatu ditu. 

Neurriok, ordea, krisi kapitalistaren testuinguruan ulertu behar dira, langileon lan eta bizi-balditzen okerragotzean sakontzea baino ez dutelako bilatzen; aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEE), enplegu-erregulazio espedienteen (EEE) edota etorkizuneko etxegabetzeen bidez.

Krisiaren ondorio den langile klasearen proletarizazio progresiboa, dena den, askatasun sozial eta politikoen urraketarekin harremanetan ulertu beharra dago. Kaleen militarizazioa normaldu dute, baita langile-klasearen gaineko sumisio eta kontrola handitu ere. Horren adibide dira jazarpen polizialen ondorioz areagotu diren isun-kopuruak, mehatxuak, jipoiak eta atxiloketak. Bada, zein ez da urduri jarri erosketak egiterako bidean indar polizialen presentziarekin? Ukaezina da langileriaren auto-antolakuntza oztopatzera bideratutako mekanismoak ere badirela.

Hala, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Burgesiaren ofentsiba gelditu! lelopean abiatutako kanpaina politikoak mozorrotu duten ofentsibaren benetako izaera agerian uztea eta geruza kolpatuenak babesteko tresnak sortzea du helburu. Azken horri dagokionez, etxebizitza, lan eta jazarpen polizialen arloetan jarduteko bitartekoak antolatzen hasi gara. Ildo honetan kokatzen da Bilbon hainbat eragilek Jazarpenari bidea itxi izenpean martxan jarri dugun dinamika. Egoera salatzearekin batera, jazarpen polizialen aurrean babesteko tresnak antolatzea dugu helburu, langile antolakuntzarako ezinbestekoak diren askatasun-politikoak lortzera bidean ekarpena egiteko asmoarekin.

Irene Ruiz eta Argia Kortabitarte