Urte askotan buruan izan dut ibilbidea egitea, baina lana eta bestelako konpromisoak tartean, ezinezkoa izan zait behar beste egun libre izatea. Aste Santuan zeharkaldi bat egiten ari nintzela GR12aren markak ikusi eta hau egitearen ideia bueltatu zitzaidan burura. Urte aproposena izango zela pentsatu nuen, eta denbora nahikoa ere izango nuenez, planifikazioarekin hasi nintzen.
Esan bezala, ibilaldiaren erdia, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako partea, ez da ofizialki existitzen eta horren inguruko informazioa topatzea ez da erraza. Nafarroa Garaiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako zatia, ordea, bai; gida ofiziala egonda ez nuen arazorik izan.
Informazioa bilatzen aspaldiko liburu bat topatu nuen, eta bertan GR12ak egiten duen ibilbidearen antzeko bat agertzen zen, Karrantzatik hasi eta Belaguan bukatzen dena. Nafarroako partea ere, ez zen zehazki GR12 ofizialaren ibilbidea, baina alde batetik besterako ibilbide bat zehazten zuenez honetan oinarritzea erabaki nuen, GR12aren gida ofizialarekin batera.
Ibilbidea Karrantzan hasten zen eta, bi jardunaldiren ostean, Bilboko loturarekin bat egiten zuen, alegia, Ganekogorta menditik Laudiora bidean dagoen Fuente del Espinonekin. Bilbotik irtenda ibilbidea bertan hartzeko aukera zegoen. Beraz, etxetik aterata ere, bidea egiteko aukera neukan, eta horrela egitea erabaki nuen. Gainera, azken jardunaldi gehigarri bat zegoen, Belaguan ibilbide zirkular bat egiten duena. Hiru Erregeen Mahaitik oso hurbil igarotzen da hau. Bertan egonda, Euskal Herriko tontorrik altuena igotzearen aukera planteatu nuen, etxetik, auzotik, Hiru Erregeen Mahaia egitea, alegia.
Nahiz eta liburuan eta gidan egun bakoitzeko ibilbidea ondo azalduta egon, lo egiteko lekuek arduratzen ninduten, ez baitzeuden zehaztuta. Ibilbidea asko moldatu gabe, lo egiteko tokiak eta moduak bilatu nituen, eta horrek eman zidan lan gehien. Azkenean, denetarik antolatu nuen gauak igarotzeko: ostatuak, bibakak, aterpe libreak, ehiza postuak… Egun batzuetan familia eta lagunen laguntza ere izan nuen, kanpin-denda eta furgonetekin etorri ziren nirekin gaua pasatzeko.
Arduratzen ninduen bigarren gauza gaitasun fisikoa zen. Ez da gauza bera jardunaldi batean ibilbide luze eta gogor bat egitea eta hurrengo egunean etxean atseden hartzeko aukera izatea, edo motxila handiarekin egunero ibilbide luzeak egin behar izatea. Horregatik, entrenamendu bikoitza egin behar nuen: ibilbide luzeak egin egun batzuk jarraian, indarberritze gaitasuna hartzeko, eta pisu gehigarria eraman. Aste Santutik aurrera, ia egunero, lanetik ateratzean motxilan pisua sartu eta 20 kilometro inguruko ibilbideak egiten hasi nintzen, uztailak 7an Ibilbide Luzea hasi nuen arte.
Denbora guzti horretan egun bakoitzeko ibilbidea pentsatzen, lo egiteko leku eta moduak bilatzen, erosketak eta erreserbak egiten, lagunekin antolatzen... eta antzeko lanetan egon nintzen buru-belarri. Azkenean, honako ibilbidea prestatu eta burutu nuen:
1.- San Inazio-Orozko
2.- Orozko-Otxandio
3.- Otxandio-Lizargarate
4.- Lizargarate-Aizkorri
5.- Aizkorri-Zegama
6- Zegama-Lizarrusti
7.- Lizarrusti-Lekunberri
8.- Lekunberri-Belate
9.- Belate-Urkiaga
10.- Urkiaga-Orreaga
11.- Orreaga-Paso de las Alforjas
12: Paso de las Alforjas-Puerto Larrau
13: Larrau-Belagua.
14: Belagua-Hiru Erregeen Mahaia-Belagua