Manifestazioa eta elkarretaratzeak deitu ditu Kukutzaren aldeko ekimenak

uriola.eus 2015ko ira. 7a, 13:27

Kukutza IIIri "elkartasuna adierazteagatik" 19 pertsona epaituko dituzte irailaren 14 eta 16an, eraispen unean "Errekalden egoteagatik". Fiskaltzak "desorden publikoagatik" 18 eta 30na hilabete arteko espetxe zigorra eskatu die, eta biri zortzina hilabete gehiagoko eskaera egin die "erresistentzia delituagatik". Kukutzarekin elkartasun taldeak mobilizazioak deitu ditu.

Orain arteko epaiketa "gogorrenaren" atarian, 'Ni ere egon nintzen eta egongo gara' izeneko kanpaina abiarazi zuten joan den uztailean Errekaldeko Kukutza gaztetxearen lagunek. Kanpainaren baitan, irailaren 12an, epaiketaren aurreko larunbatean, mobilizazio "handi bat" iragarri dute. "Solidarioekiko elkartasunean asko garela demostratzeko" hitzordua izango da. "Kukutzak eragindako sentimenduak bizirik dirauela" adierazteko parada.

"Egon ginen eta egongo gara. Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez" mezua zabaltzeko 18:00etan Jesusen Bihotza plazan elkartzeko dei egin dute. Bertatik abiatuko da manifestazioa. Musikatua izango da protestaldia. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Zea Mays taldeak eta Akerjenbe Sound Sistemak. Bilboko kale nagusiak banderola laranjekin betetzea da antolatzaileen erronka.

 

Kontzentrazioak

Behin-behinean, bi egun iraungo duen epaiketako saioak irailaren 14 eta 16an izango dira. Bi egun horietan kontzentrazioak deitu ditu Kukutzarekin elkartasun taldeak 09:15ean epaitegi aurrean.

#niereegonnintzen

#kukutza

@kukutzagaztetxe  

kukutzarekin.wordpress.com

[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute