Lehen hiri-ortuak eman ditu Udalak Errekalden

uriola.eus 2015ko ira. 17a, 16:44
Argazkia: @eitbAlbisteak

Errekalde auzoak estreinatu ditu hiriko lehen udal hiri-ortuak, Bilboko Udaleko Ingurumen Sailak gaur goizean bertan, Errekaldeko Udal Bulegoan, hiri ortuen kudeaketa, eskatzaileen artean zozketa publikoaren bitartez esleitu ostean.

Aldez aurretik, Bilboko Udaleko Mugikortasun Politika, Ingurumen eta Garapen Osasungarriaren Koordinatzaile Alfonso Gilek, San Justi Landa kalean, San Antonio futbol zelaiaren alboan kokatutako 23 hiri-ortuak bisitatu ditu.

Kontsumorako produktuak

40 metro koadroko 23 lurzatiak, Udalak lehentasunezko talde gisa identifikatutako kolektiboei esleitu dizkie. Gauzak honela, bederatzi lurzati indibidualki edo taldeka bertako auzokideek ustiatuko dituzte -18 eta 24 urte bitarteko gazteek eta 65 urte baino gehiagokoek lehentasuna izango dutelarik-; bost lurzati auzoko familiei bideratuko dira; beste bost Errekaldeko langabetuek ustiatuko dituzte, langabezian denbora gehiago daramaten pertsonek lehentasuna izango dutelarik; bi ortu ezintasunen bat duten pertsonentzako izango dira; beste bat irabazi asmorik gabeko Bizitegi elkarteak, eskaera aurkeztu zuen elkarte bakarra; eta azken lurzatia ingurumen heziketarako erreserbatuko da, baratzezaintza ekologikorako eskola-praktikak egin daitezen.  

Hiri ortuen esleipenak bi urteko epea du eta beste urte batez luza daiteke. Lurzatiaren erabilera doakoa da, nahiz eta esleitutako pertsonak espazioaren mantentze lanekin eta Eskolarteko Agenda 21 bezalako ingurumen- balioen hedatzerako egingo diren dinamizazio ekintzekin lagundu beharko dute. Hiri-ortuetan landatutako produktuak autokontsumora bideratuta egon behar dira eta ezin izango dira beste bitartekari batzuei saldu, hiri-ortuak zuzentzen duten filosofia lerroari jarraiki.