Gaztetxearen ingurukoek URIOLAri adierazitakoaren arabera, Udalak eraikinaren gaineko itxiera agindu bat emana du, "prozedura administratibo hutsa dena, ustez ez dituelako segurtasun arauak betetzen". URIOLAri azaldu diotenez, “desalojoa ez da legala, gauza bat da ixtea eta beste bat desalojoa”. Guzti horregatik Iñaki Karro abokatuak "desalojo bidegabe" baten aurrean, salaketa jarriko duela aurreratu dute.
Berria.eus agerkariari Udaleko iturriek baieztatu diotenez, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean aritu dira operazioa horretan. Haien esanetan, gaztetxean ekintzak egiteko behar diren segurtasun neurriak ez betetzeagatik hartu da ixteko erabakia. Neurri horien faltagatik hainbatetan ohartarazi dietela esan du udalak.
Etxarri inguruan jendetza bildu da baina Ertzaintzak moztuta izan ditu trenbide gaineko pasagunea eta Diaz Enparantza Doktorearen kalea, Gaztetxearen kalea dena. Goiz erdian, 12:00ak aldera, eraikina hormatzeari ekin diote eta bertan bildutako lagunek udaletxerako bidea hartu dute.
Asmoa, protesta modura udaletxean sartzea bazen ere, talde txiki batek baino ez du lortu eta 5 minutura kaleratu dituzte. Kanpoaldean tentsio uneak ere bizi izan dira eta Polizia protestan zeudenen aurka oldartu da.
Manifestazio deialdia
Arratsaldeko 19:30ean manifestazioa abiatuko da Errekaldeko plazatik desalojoa salatzeko.
Bi urte lanean
Kukutza itxi eta hiru urtetara, 2014ko uztailean, okupatu zuen Etxarri gaztetxearen eraikina gazte talde batek. Momentu hartan, hormigoizko lantegi zaharra hutsik zegoen eta "zoro parean" lan egin zuten auzoko "beharrizanei" erantzungo zien espazio bat lortzeko asmoz. 2016ko apirilean, Asier Abaunza zinegotziak orduan iragarri bezala, "pabilioi industriala okupatzearen ondorioz sortutako arazoek" Udalak Etxarri gaztetxeari espediente bat irekitzea ekarri zuen. Abaunzak jakinarazi zuen, 2015eko udatik Udalak hainbat saiakera egin zituela bertako kideekin "komunikatzeko".