Bilboko hegoaldeko auzoek pairatzen duten “utzikeria instituzionala” salatzeko manifestazioa egingo dute igandean

uriola.eus 2023ko api. 21a, 10:24
Argazkia: Bilboko Hegoaldea Bizirik

Igande honetan, apirilaren 23an, Bilboko Hegoaldea Bizirik Plataformak manifestazioa antolatuko du, instituzioek haien auzoekin zerikusia duten konpromezuak bete ez dituztela salatzeko.

Uriolan azkenaldian Plataforma honen berri eman dugun neurrian, beste mobilizazio bat eramango dute aurrera igandean orain arte eginiko aldarrikapenak ber horretan dirautela salatzeko. “Errekaldetik igarotzen den autobideko biaduktuaren inaugurazioaren 48. urteurren tamalgarriarekin bat eginez, plataformak salatu nahi du udal eta foru gobernuek behin eta berriz ez dituztela bete ArtazuGoikoa, ArtazuBehekoa, Betolaza, Irala, Iturrigorri-Peñaskal, Larraskitu, Errekalde, San Adrian, Urizar Dorrea eta Uretamendi auzoekin hartutako konpromezuak”.

Hala, orain arte Plataformak argi utzi duen bezala, honakoak dira, besteak beste, azpimarratzen dituen premiak: “Errekaldeko autopistaren eraisketa edo Metroko 4. Linea moduko azpiegiturak edota obra txikiagoak, hala nola, auzoetan irisgarritasuna bermatuko duten elementu mekanikoen eraikuntza nabarmentzen dira”.

Manifestazioa goizeko 11:30etan abiatuko da Errekalde plazatik. Plataforma osatzen duten 78 kolektibo anitzek luzatu dute mobilizazioan parte hartzeko deia.