Bilboko txori onak

Eguberriekin batera klasiko bat heltzen da gure telefono mugikorretara: Urte berria zoriontzeko mezuak. Bideo hunkigarriak, umeak nonahi, natura ere oso presente mezuotan, baina guztien artean bada bat bereziki deigarria eta ederra gertatu zaidana, hain zuzen ere “Zorionak” hitzaren jatorria azaltzen duen istorioa. Diotenez, antzinako orakuluek iragarpenak egiteko txorien hegaldiak aztertzen zituzten eta, hala, txarrak zirenean “txori txarrez” esaten zioten; ostera, iragarpenak onak baziren, “txori onak” zekartzaten. Eta hortik omen dator ZORIONAK-en egungo adiera.

Istorioaren egiazkotasuna alde batera utzita, etimologikoki guztiz logikoa dirudien arren, lerrotara ekarri dut kontaketa bera inspiratzailea suertatu zaidalako. Udako solstizioko suetan bezala, ordura arte bizi izandakoaren birpasa egin eta aurrean datorkiguna askoz hobea izango dela amesteko garaia dugu. Bilbon eta bilbotarrok ere bai. Izan ere, geure bizitzak prekarizatzen duten laino grisen gainetik, “txori onek” ere Bilboko zerua zeharkatu dute amaitzear dugun urtean.

Besteak beste, gure auzoak bizirik mantentzeko, espekulazioaren eta gentrifikazioaren aurka lanean aritu diren auzokideak; Bolintxu, gure hiriko azken bailara naturala bizirik mantentzeko borrokan dirautenak edota aldaketa klimatikoaren aurka kalera atera atera diren gazteak; makroekitaldien eta ekonomiaren uberizazioaren ondorioei aurre egiteko bazterrak eragiten diharduten gazte prekarioen asanbladako kideak; Bilbo euskaldunago baten alde, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masibo batean parte hartu duten milaka belarriprest eta ahobiziak; Bilbo pertsona guztientzako harrera hiri bat izan dadin konpromisoa dutenak; elkartasuna herrien arteko samurtasuna dela erakusten jarraitzen diguten internazionalistak.

Baina zorionez, are txori on gehiago ditugu hiribilduan: ehun astez jarraian, astelehenero, udaletxeko atarian duintasuna eskatzeko elkartu izan diren pentsionistak; hiri eredu gayfriendly merkantilista salatzeko LGTB+ kolektiboa salgai ez dagoela harrotasunez aldarrikatu dutenak; jai eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekideari eustea posible egiten duten konpartsakide guztiak; giza eskubideak zapaltzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren indargabetzea aldarrikatzeko urtero Autonomia kalea betetzen dituzten lagunak; eta nola ez, gure pribilejioak etengabe azaleratuz, patriarkatua, kapitalismoa eta arrazismoak osatzen duten munstro horren aurka, sistema osoa irauli eta guztiok libre izan arte borrokan jarraituko duten feminista nekaezinak.

Txori andana honek iragarpen onak besterik ez dizkigu ekartzen 2020. urterako, beraiei esker Bilbo mobilizazio anitzen plaza bihurtu baita aurten, eta beraiei esker Bilbo, pertsona guztien eskubide guztiak defendatuko dituen Bilbo berde, gorri eta moreago bat lortuko dugulako. Eta eskatzea libre delako, desioren bat ere eskatu beharko genuke; bada, txori on guzti hauen mailan dagoen alkatea eta udal gobernua izatea. Tamalez, epe laburrera ez dirudi gauzatuko denik, baina lanean jarraituz gero, helduko da eguna.

ZORIONAK beraz txori on guztiei, konpromisoz eta borrokaz beteriko urte berri ona opa dizuet.