Plan ugari, utzikeria bera

(Argazkia: Bilboko Udala)

Udal Gobernuak “Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetarako Zubirik 2021-2025 Plana” aurkeztu berri du, hain zuzen ere, azken hiru hamarkadetan instituzioetatik auzo hauetan esku hartzeko diseinatu den enegarren plana. Arduradun politiko, kudeaketa eredu eta izen desberdinak hartu dituzte plan hauek urteotan: 90eko hamarkada erdialdean birgaitze mahaia zena, mahai komunitarioa izendatzera igaro zen, aurreko legealdian Auzokizuna izena hartu arte, eta orain Zubirik deitu diote. Baina guztiek zerbait komunean izan badute, Bilboko auzo hauetan dauden errotiko arazoak konpontzeko ezgaitasuna izan da.

Porrotaren arrazoiak ere antzekoak izan dira plangintza guzti hauetan: Ekintzak ez dira modu eraginkorrean egokitu auzo hauen beharretara; ez dira integralak izan, maila instituzional desberdinen parte-hartze aktiboa urteen poderioz desagertu delako; ez dira bideratu auzo hauetako larrialdi-egoerari aurre egiteko behar adina baliabide ekonomiko eta teknikorik; eta hutsune nabarmenak egon dira gizarte-eragile sare anitzarekin burututako parte-hartze prozesu desberdinetan, batez ere, erakundeek kontuak emateko orduan.

Horrexegatik, oinarrizko baldintza hauek betetzen ez diren bitartean, ekimen instituzionalaren emaitzak ez dira oso desberdinak izango. Tamalez, badirudi azken udal-plan honek irudikatzen duen zubiak betiko lekura garamatzala, agerian utziz Bilboko Udal gobernuak ez duela borondate politikorik Bilbi, San Frantzisko eta Zabalako auzokide zein gizarte-eragileek eskatzen dituzten eraldaketa sakonei ekiteko. Eraldaketa horiek gainera inoiz baino beharrezkoagoak dira, gogor kolpatu gaituen pandemia honek agerian utzi baitu erakunde publikoek gainezka egin dutela, eta auzo hauetan pairatzen den prekarietateak eragindako larrialdi egoerak kudeatzeko gaitasunik ez dutela.

Honen adibide garbia da auzo hauetako zerbitzu publikoen egoera kezkagarria. Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Mesedeetako eta Miribillako lehen arretako osasun-zentroak, enplegu-zerbitzua edota Miribilla eskola publikoa indartu behar dira berehala, baina Osakidetza, Lanbide edo Hezkuntza Sailaren esku-hartzea ezinbestekoa da horretarako. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan duden PNV-PSE koalizio gobernuen konpromiso politikorik gabe, ezinezkoa da osasungintza, enplegua edota hezkuntza bezalako funtsezko alorretan hobekuntzarik lortzea.

Edonola ere, beste instituzioek parte hartzeari uko egin izana ez da Zubirik planaren gabezia bakarra, tokiko eskumenekoak diren gaietan ere hankamotz gelditu baita udal gobernuaren proposamena. Izan ere, askotan esaten digute auzo hauetan jada ekipamendu asko daudela, baina Bilborock, Wikitoki, Sehaska Etxean instalatu den BBK-Kuna, edota Ekonopoloa bezalako ekipamenduak Bilbo osoari zerbitzua emateko diseinatu dira eta, beraz, ez daude bereziki bideratuta auzo hauetako bizilagunen erabilera eta beharrei.

Horregatik, ezinbestekoa da ikuspuntu komunitarioa garatzeko espazio berriak auzotarren eskura jartzea, eta zentzu horretan, Telefonikako eraikinak aukera paregabea eskaintzen zuen, esaterako, Koloretxe, auzo garaietako emakumeen etxea kokatzeko. Aitzitik, Udal gobernua ez dago prest Zubirik planaren bidez horrelako dimentsio handiko proiekturik martxan jartzeko beharrezkoa den diru inbertsioa egiteko, eta Zubirik planarentzat apurrak baino ez dituzte uzten. Beste adibide bat, Erriberako zubia da. Auzo hauetako bizilagunek erabiltzen duten sarbide nagusietako bat izanik, ez da irisgarria eta bertan esku-hartze urbanistiko garrantzitsu bat egin beharko litzateke zubia pertsona guztientzat erabilgarria izan dadin. Jakin badakigu arazo hau hiru auzoetan udalak egindako iritzi bilketan azaleratu dela baina, paradoxikoki, Zubirik planak ez du jasotzen pertsona guztientzat erabilgarria izango den zubi bat eraikitzeko beharra eta konpromisoa.

Eta horrela igaro dira azken urteak, plan batetik bestera, partxeak jarriz eta muinera jo gabe, alegia, auzo hauen etorkizunari buruzko eztabaida ireki eta dinamikoa egin gabe. Finean, auzokideei egin beharreko galdera ez da zeintzuk diren egun dituzten arazoak, diagnostiko hori jada ezaguna baita, besteak beste, auzo hauetako elkarte mugimendu zabalaren lanari esker. Udalak auzokideei galdetu behar diena da ea nola irudikatu nahi dituzten Bilbi, San Fran eta Zabala hamar, hamabost edo hogei urte barru ikuspegi komunitario, urbanistiko eta ekonomiko batetik; eta udal gobernuaren ardura da etorkizun hori errealitate bihur dadin beharrezkoak diren baliabide teknikoak zein ekonomikoak mahai gainean jartzeko konpromiso irmoa adieraztea.

EH Bilduk Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan duen lantaldearen bidez, udal taldeko kideokin lankidetzan, ildo honetan lanean ari gara; eta bide horretan, gure laguntza eta lana eskaintzen dugu. Baina udal gobernuak hiru auzo hauetan esku-hartze integralak eta ausartak gauzatzeko asmorik gabe jarraitzen badu, instituzioen utzikeria sentsazioa barneratzen jarraituko dute auzokideek, frustrazioa areagotuz, eta hori ez da bidea bestelako etorkizun eraldatzaile bat irudikatzeko.