Martxoaren 8ko biharamunean

(Argazkia: EH Bildu)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak indar erakustaldi itzela egin du beste behin ere eta feministok emozioz elkartu gara manifestazio jendetsuetan, aspaldiko partez ez bezala. Oraindik oilo ipurdia jartzen zait gogoratzean ‘La Kora’ koru feminista beteranoak emakume ijitoen ‘Gure Golé’ koruarekin batera eskaini ziguten ‘Zutik Emakumeak’ ereserkiaren bertsioa. Hain justu, aurretik irakurritako manifestuan Bilbo Feminista Saretzen-eko kideek gogoratu zuten bezala, premiazkoa da aktibismo feministarako elkarguneak berreskuratzea eta, hain zuzen, Martxoaren 8an ikusi duguna, kaleak berriz irabateko ariketa kolektibo itzela izan da.

Baina horrez gain, mugimendu feministak Bilboko udaletxeko eskailera horietatik aurten helarazi digun mezu nagusia, zaintza-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren aldeko aldarria izan da. Izan ere, pandemiak zaintza lanen garrantzia eta krisialdi egoera agerian utzi badu ere, badirudi bi urte beranduago, zaintza lanen aitortzaren alorrean aurrerapauso xumeak egin badira ere, errealitatea da ezer gutxi aurreratu dugula emakumeen bizkarren gainean sostengatzen den zaintza sistema patriarkala guztiz iraultzea posible egin ditzaketen politika publiko eradaltzaileei dagokionez. Eta ez hori bakarrik, kasu batzuetan ere, atzerapausoak gertatu dira.

Horren adibide da Bilboko Udalak berak berriki gauzatutako murrizketa bat, hain zuzen ere, etxez-etxeko arreta zerbitzuko erabiltzaileentzako eriondoen zentroaren itxierak eragindakoa. Izan ere, 2021eko abenduaren 31n, gizarte-ekintza sailak Bilboko Alde Zaharrean azken 20 urteotan zabalik mantendu duen 14 plazako egoitza ixtea erabaki du. Programa hau Bilboko Udalak berak sortu zuen modu aitzindarian, etxez etxeko arreta zerbitzuko erabiltzaileei zuzenduta, hain zuzen ere, ingurukoen laguntzarik ez duten pertsonentzako, eta denbora labur batean, arreta eta zaintza bereziak behar dituztenentzat, adibidez, ebakuntza baten ostean ospitaletik ateratzean, edota behin-behineko gaixotasun baten ondorioz. Era argiagoan azaltzeko, zentro honetatik igaro diren ehunka pertsonak, oro har, oso adinekoak dira, normalean bakarrik bizi dira eta ia %90 emakumeak dira. Eta, hain zuzen ere, egoera ahulean dauden emakume horiek izango dira murrizketa honek gehien kaltetutakoak.

Horregatik, martxoaren 8aren biharamunean ere, instituzioetan parte hartzen dugun ordezkariok ardura daukagu erakundeen zuriketa morea ikustarazteko eta jarrera horren jokabide oro salatzeko, esku batekin txapa morea janzten duten bitartean, bestearekin zaintza arloko zerbitzu publikoetan murrizketak egiten dituztenen aldetik. Pandemiak zaintza krisi sakon batean gaudela agerian utzi duen une honetan, momentua da pertsonen bizitza baldintza duin eta bidezkoetan mantentzearen aldeko apustua egiten duten politika publikoak bultzatzeko, ez murrizketak egiteko. Zaintza beharrak denboran ugaritzen ari diren honetan, iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatu behar da.

Laburbilduz, eta aste honetan bertan EH Bilduk Idazkaritza feministako kideon izenean Oihana Etxebarrietak adierazi duen bezala, “Euskal Herrian pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea dute, baina argi diogu, emakumeok erabakitzeko eskubidea dugu. Eta erabakitzeko, aukerak, baliabideak, instalazioak, baldintzak… behar dira”. Eta hori da datozen urteotan izango dugun jardun nagusietako bat. Tamalez, Bilboko eriondoen zentroaren itxiera bezalako murrizketak, atzera pausoak eta erresistentziak, bidean topatuko ditugu, baina guk argi dugu noraino heldu nahi dugun, eta gure proiektua herritar guztiak zainduko duen herria da. Gure helmuga pertsona askez osatutako Nazio feminista da eta, oztopoak oztopo, sinetsita gaude bide hau egiteko prest guadenak gero eta gehiago garela, eta guztion elkarlanari esker, aurrera egiten jarraituko dugula.