Zein duzu nahiago?

Garai batean ugariak ziren gure inguruetan kea botatzen zuten tximinia luzeak. Etxe alboan genituen fabrikak. Egun garai horiek gogoratzeko tximinia luzeak baino ez dira geratzen, eraitsi zituzten eraikinak eta fabrika zegoen lekuan, langileen hotsak beharrean, txakurren zaunkak entzuten ditugu eta korrikalariak ‘footing’ egiten.

 

Erreka alboan ontziola beharrean museoa dago eta garabi erraldoiak jauregian egiten du gerizpea. Baina erreka ertzetik jarraituz, oraindik bada irla bihurtu ez den penintsula, bertan arraunlariez gain hutsik geratutako pabilioiek bizia hartu dute. Langileek okupatu dituzte, sormen fabrika txikiak bihurtu dira. Eraikin batzuetan zirku langileak topatu ditugu, besteetan musika sortzaileak, auzoa graffitiz bete duten artistak eta seigarren pabilioian aktore eta ikusleak elkarren artean topatu ditugu. 2011n ireki zituen ateak lehenengoz 6. Pabiloiak, antzerki munduko jende talde batek sortu eta kudeatzen duelarik. Ordutik hamaika proposamen ekarri dituzte Erriberara. Bertakoak, urrutikoak, errekaren alde batekoak zein bestekoak ikusi ahal izan ditugu. 

Azken asteburuetan teatro arinez bete dituzte txoko guztiak. Agudo, bizkor, azkar gozatzen diren istorio txikiz bete dute. Ikuslea bere plana egin eta batetik bestera ibili da, istorio txikiez gozatzen, aktoreen arnas eta begirada gertutik bizitzen. Ia aktorearen musua jaso dugu eta berarekin batera zerura begira su artifizialak ikusi ditugu. Pieza txikiak, espazio txiki eta gertuan aurkeztuak. Bakarra edo guztiak ikusteko aukera arratsalde batez, zalearentzat teatro festa ikaragarria. Taula gainean bertako aktore ezagun eta ez hain ezagunak. Zineman ikusitakoak eta antzerki eskolatik ateratakoak. Zenbatetan galdetuko dio kazetariak aktoreari "zineman eta antzerkian egin duzu lan, zein duzu nahiago?" eta berak erantzun "desberdinak dira, baina bat aukeratzekotan antzerkiarekin geratzen naiz. Antzerkiak gehiago betetzen nau, Erriberako atari eder batean aktoreekin batera sentitu eta begiak itxita istorioa entzun egin dut, bertako soinuak belarrietatik sartu eta beste mende batean kokatu naute, labanak odolik ez badu beldurra sentiarazi dit. Fokuaren argia kulunka ibili da hegoaldeko haizeri esker. Klinikako 6 Pabiloian barrenatu, esperientzia bizi eta sendatuta atera gara".

Erriberan aurrera egin eta kotxe hilerrira heldu gara. Autoa bertatik ateratzeko isuna pagatu eta zin egin dugu hurrengoan autoa ondo aparkatuko dugula eta Erriberan eskumara dauden eraikinetan galdu egingo garela, hori dugu nahiago, ez ditugulako udaltzainen garabiak maite.