Konstantzako nondik norakoak pandemia garaian

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2021ko urt. 26a, 16:16

Iazko urritik Alemanian bizi izan naiz. Etxepare Euskal Institutuak kudeatutako euskara irakurletza batean lanean aritu naiz, Konstanz unibertsitatean. Horraino ez da berez oso harrigarria, 2011tik egon baita euskara irakasle bat hemen. Alabaina, pandemia baten erdian egin dut hau guztia, eta hemen kontatuko dizuet nire esperientzia.

Hona etorri aurretik Konstantza izena ezaguna nuen, lakuagatik besterik ez bada, eta hala ere, mapa batean kokatu ezinean egongo nintzen. Hortaz, inguru honetaz apur bat gehiago jakitearren, esan dezadan Konstanz hiria lakuaren ertzetan daudenen artean garrantzitsuena dela, eta hor bertan hiru herrialderen mugak daudela: Suitza, Alemania eta Austria. Konstantza lakua Suitzako Alpeetatik hegoaldetik iparralderantz jaisten den Rhin ibaiaren parte da, eta Antzinarotik lekukotu da barnealdeko itsaso hau. Lakua behin igarota, Rhin ibaiak bere ibilbidea mendebalderantz jarraitzen du, Alemania eta Suitzaren arteko muga ezarriz, Konstanzetik Basileara.

Hain zuzen ere, Konstanzeko Altstadt (alde zaharra) Rhin ibaitik hegoaldera dago (bakarra Alemania osoan), eta Schaffhausen suitzarra ibaitik iparraldera; horiexek dira bi salbuespenak. Bigarren Mundu Gerrako hegazkinek biak nahasten zituzten eta behin baino gehiagotan Schaffhausen bonbardatu zuten, hiri alemaniarra zelakoan.

Alemaniako hegoaldean dauden estatu (Land) bietako batean dago Konstanz: Baden-Württemberg (baina Bavariatik ez oso urrun). Dena dela, ez dago inongo hiri hazirik inguruan; Zürichek dauka populaziorik handiena 100 kilometrotan. Alemania hegoaldeko bi hiri nagusietara (Stuttgart eta Munich) heltzeko bi ordu baino gehiago behar dira, kotxez zein trenez. Inguruko herri guztiak nahiko txikiak eta xarmagarriak dira: Meersburg, Friedrichshafen, Romanshorn... Iraganean oporleku ohikoa zeukaten alemaniarrek, eta gaur ere bigarren etxebizitza eta kanpin ugari ikusten dira urertzean.

Beti maitatu izan ditut mugaldeko eremuak, eta hau bereziki maitagarria da: lakua naturaz inguratuta dago, mota askotako hegaztiak dauzka (ahateak, zisneak, beleak, kaioak...), urrunean Suitzako Alpeak ikusten dira, elurrez estalita, eta batzuetan zepelinak ari dira zerua zeharkatzen (hemen asmatu ziren eta). Mugaren alde honetan nahiko laua da Alemaniako eskualdea, muinoak eta basoak baino ez daude, baina Alpeak (Pirinioak bezala) ez dira inoiz oztopo izan, Suitza, Austria eta Italia lotzen dituen bizkarrezurra izanik.

Konstanzen mugakide Kreuzlingen udalerri suitzarra dago. Hain daude hurbil ezen hiribildu berbera diren. Konstanzeko Altstadtetik Kreuzlingera joatea Sestaotik Portugaletera pasatzea bezain erraza da, ez dago mugarik, hesirik, ez ezer; oharkabe zeharkatu dezakezu bi herrialdeen arteko zedarria. Tren suitzarrak ere Konstantzeraino heltzen dira normal-normal, Suitzako beste geltoki bat izango balitz bezala.

Eta izan ere, oso aspalditik izan da mugaldea eremu zabal hau. Honaino erromatarrak heldu ziren (hortik Constantia izena), eta hurbileko Schwarzwald (Oihan Beltza) mundu zibilizatuaren eta barbaroen arteko muga izan zen luzaroan. Hori bada ere, Erdi Aro goiztiarrean suebiak (Galizia ere inbaditu zutenak) eta alamanak (< all man 'gizon guztiak', hizkuntza erromantzeetan "Alemania" izena eman zuen, mundu erromatarretik hurbilen zeudelako) tribu germanikoak Rhin ibaiaren alde bietara aldatu ziren, eta gaurdaino hizkuntzaren banaketa dialektaletan islatzen da: Suitzan hitz egiten den alemana dialekto "alamanikoak" dira (baita Konstantza lakuaren ertzean dagoen Voralberg eskualde austriarrean ere), Konstanzen bezala, baina lakutik iparraldera "suabiarra" (Schwäbisch) deritzo aleman mota horri.

Mundu latindarraren eta germanikoaren eraginei dagokienez, Konstanz inguruko herrien izenetan aise igartzen da. Batetik, -wil edo -wilen (lat. villa-tik) amaiera duten batzuk badaude: Tägerwilen, Fruthwilen, Raperswilen, Lipperswil, Lengwil, Weerswilen, Kesswil, Uttwil..., eta bestetik, -ingen atzizki oso germaniarra dutenak (literalki -tar familiakoa, "agirretarrak" bezala, baina gure -iz patronimikoaren parekoa ere bada: Gasteiz, Orzaiz(e), Beskoiz(e), Muskiz, Laukiz, Gorliz, Gamiz, Astiz, Bertiz...): Triboltingen, Ermatingen, Berlingen, Wigoltingen, Güttingen, Öhningen...

Erdi Aro berantiarragoan Inperio Erromatar-Germanikoaren eta Konfederazio Helvetikoaren arteko muga ere izan zela, antolaketa politikoa ulertzeko oso forma desberdinak ziren. Mugakide dugun kantoi suitzarrak Thurgau du izena (Thur ibaiaren eskualdea), eta garai batean Konstanz hiria hornitzen zuen nekazaritza-lurraldea izan zen, harik eta suitzarrek indarrez bereganatu zuten arte. Harrezkero, Konstanz iparraldera begira jarri zen, baina botere ekonomiko eta politikoa galdu zuen. Erlijioak ere bere garrantzia izan zuen, Alemanian eta Suitzan nagusitu zen protestantismoaren aurrean Konstanzek gotorleku katolikoa izaten jarraitu baitzuen.

Ohar historikoez aparte, denak bere alde iluna dauka, eta urte txar batean suertatu zait Konstanzen bizi eta lan egitea. Jakin badakigu herrialde bakoitzean birusaren aurkako neurri desberdinak hartu direla, eta Konstanzera bidean nengoela atentzioa deitu zidan Suitzako normaltasunak: ez zegoen musukorik eramateko araurik (ezta leku itxietan ere), eta biztanleak ezer gertatu ez balitz bezala pilatzen ziren kaleetan eta tabernetan. Alemanian, ordea, maskara derrigorrezkoa zen dendetan, unibertsitatean eta abarretan. Bide batez, euskaraz bezala, hemen ere mailegu erromantze baten eta hitz garbizale baten arteko kolokan daude "musukoa" edo "maskara" esateko orduan: gehienetan Maske baliatzen dute, baina Mundschutz (lit. aho-babesa) germaniarra ere ikusita daukat.

Baina azaroa iritsi zen, eta orduan Alemania osoa itxialdi berri batean sartu zen. Merkelen agindupean taberna, aisialdi gune eta premiazkoak ez diren denda guztiak itxi ziren; baita gure unibertsitatea ere. Aurrez aurreko eskolak guztia bertan behera gelditu ziren, ekintza akademikoak gelditu eta fakultateko ekitaldiak atzeratu. Etxetik lan egitera behartu gintuzten eta bulegoak zein pasilloak berehala hustu ziren. "Corona" delakoaren ondorioz, "Lockdown" leun batean murgildu ginen. Kalera irtetea libre egon da, hori bai, eta musukorik gabe gainera. Hala eta guztiz ere, sozializatzea ezinezkoa izan da.

Harrigarriro, mugaz bestaldeko egoera ez zen aldatu, eta Suitzan ez da holako murriztapenik egon. Jakin dut Konstanztarrak Kreuzlingera pasatzen ibili direla, han tabernak zabalik egon direlako, eta kalez aldatzea baino ez denez, ez zaie arazoa izan. Hala ere, kontatu zidatenez, udaberriko itxialdian nazioarteko mugak itxita, Konstanz eta Kreuzlingen artean hesi bat eraiki zuten, familiak banatuz Berlingo harresia izango bailitzan. Alde bateko eta besteko adiskide, senide eta maitaleak hesiaren aurrean topatu ohi ziren elkarren berri izateko.

Suitzak 2020. urtea pandemiari kasu txikia egiten pasatu bazuen ere, azkenean aste honetan bertan neurri gogorragoak sartu dira indarrean: dendak, tabernak eta eskolak itxi eta musukoa derrigorrezko egin dute.

Nire egonaldia murriztapen hauek mugatu dute, nahiz eta inguruan mugitzeko askatasuna eduki. Udazken eta neguko eguraldiak ere ez du asko lagundu: lakua dela eta lainoa bidaide usua izan dugu, dakarren hezetasunarekin, eta apenas euri egin badu ere, eguzki izpi gutxi egon dira, kontuan hartuta oso goiz etortzen zela gaua (arratsaldeko laurak aldera). Gauzak horrela, denbora gehiena gela batean zarratuta eman dut eskola telematikoak irakasten, eta nekez izan dut bertako bizitzaz jabetzeko aukera. Etorriko dira garai hobeak.