Hitz egin behar dugu…

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2023ko ira. 5a, 10:15

Uda aurreko nire azken artikuluan itsasoko ura ohi baino beroago zegoela aipatu nuen. Eta ez da kasualitatea, badakigu. Bai, tamalez klima aldaketaz hitz egin beharko dizuet oraingoan.

Aurtengo uda gurean nabarmen leuna izan bada ere, bero olatu gutxi eta laburrak izan ditugulako, ez da horrelakoa izan gainontzeko Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Atlantikoko korronte hotz eta hezeez profitatu gara hemen, “negazionista” batzuk larri eta kexu ibili diren arren. Badira “udan beti egon dela beroa” esaten dutenak, eta muturreko tenperaturen errealitatearen aurrean klima aldaketa ukatuko dutenak.

Egia da arazoa ez dela berria. Azken 40 urteetan izan dugu problemaren berri, baina ez dugu ezer egin, are gehiago, kutsadura maila handituz joan da. Gai hau egunotan behin eta berriro politikarien ahotan egoten da eta, antza, hiritar batzuk matraka horretaz nazkatu dira, zenbaiten diskurtso politikoan badirudielako norbanakoen jokaerari egozten zaiola errua.

Baina kinka larrian gaude benetan. Tenperatura globala 1,2 gradu igo egin da, eta dagoeneko ditugun behin-betiko ondorioak kudeatzen ikasi beharko dugu. Gatazka honi aurre egin beharko diogu nahitaez, zenbat eta lasterrago hobeto, bakoitzaren sufrikario pertsonaletik haratago. Eta hala ere, berekoiak izan beharko ginateke, gutako bakoitzak jasango baititugu ondorioak. Munduko tenperaturak urtean-urtean igotzen ari dira, eta dagoeneko ez dago atzera bueltarik, baina igoera hori geldiarazi ahalko genuke. Ezer ez egitekotan, herrialde guztien gizarteek pairatuko duten kolapsoa saihestezina izango da: irtenbide globalak behar ditugu.

Soluzioa ez da erraza izango. Adituek diotenez, Europan, eta gehienbat iberiar penintsulan, beste inon baino goizago hasiko gara klima aldaketaren ondoriorik larrienak ikusten; Europakoa orain arte munduko klima egokienetakoa izan da, ez beroa eta ez hotza, ez lehorra, ezta oso hezea ere. Gure bizimodua mantendu nahi izanez gero, inoiz ez bezalako erronka honen aurka egin beharra dago.

Urte hasieratik lehorteak ikusi ditugu Uruguain (hego hemisferioko neguan!), sute erraldoiak Kanadan, uholdeak Pakistanen (ia herrialde erdia urpean) eta Hego Korean, eta uda heldu bezain laster, tenperatura globalik altuena uztailean, inoiz egon den altuena, eta abuztuan 50 gradu inguruko bero olatuak Europan, inoiz egon diren gogorrenak kontinente honetan, eta aldi berean udan zehar uholdeak egon dira Europako hainbat tokitan. Muturreko gertakariak gero eta ohikoago bilakatu dira. Beroari dagokionez, aurreko errekorrak 2022koak eta 2021ekoak ziren… urte batetik bestera goia jotzen du tenperaturak.

Euskal Herrian ere antzekoak behatu ditugu. Uztailean sekula ez bezalako abazuza-ekaitzak eta uholdeak egon ziren, eta suteak Nafarroan. Abuztuko bero olatuak 30 gradutik gorako tenperaturak gauez utzi dizkigu (“gau ekuatorialak”), eta 45 gradutik gorakoak egunez. Izan ere, Nafarroan mende honetako zereal uztarik txarrena izan dute; ardogintzan ere gorriak ikusi dituzte eta oliba olioaren prezioak gorantz joko du ur eskasiagatik.

Horrelakoak dira etorkizun hurbilean pairatuko ditugun ondorioak. Nekazaritzan ikaragarrizko eragina izango du klima aldaketak, elikagaien salneurrian islatuko da, eta horren eskutik etorriko zaigu populazioaren pobretzea eta gosetea. Hasteko, aurten Indiak debekatu du arrozaren esportazioa (arroz esportatzailerik handiena munduan) izan duten eguraldi lehorragatik. Hori guztia gutxi balitz bezala, klimak osasun arazoak ere eragingo ditu, adibidez, bihotzean eta arnasketan, eta bakterio eta birus berri gehiagoren sorrera.

Horrez gain, datozen 5 urteetan tenperatura are altuagoak jasango ditugu, Ozeano Bareko “El Niño” gertakaria aktibatu delako, eta horrek inpaktua dauka mundu osoko kliman. Negurik leunenak eta laburrenak izan ditugu azken hamarkadan, eta udarik gordinenak eta luzeenak, udaberria eta udazkena desagertzeko zorian dauden bitartean. Gatibuk euren azken singlean dioen bezala, Euskal Herrian klima tropikalerantz abiatzen gara: hezea eta beroa, bi urtarorekin, euriteen aroa eta lehorteen aroa, besterik ez. Halere, ez gara “oasia” izango, eta muturreko eguraldiaren menpe aurkituko gara.

Larrialdi honen zergatia badakigu, eta beraz inori errua bota gabe, guztion mentalitate aldaketa ezinbestekoa da, horrek lekarkeen ohitura aldaketarekin. Batzuen ustetan, munduak oraindik jasan lezake “hazkunde ekonomiko jasangarri” bat, baina ez gaitezen inozoak izan: ezaguna da aitzakia hori kapitalismoaren onurarako baino ez dela. Kutsadura maila gutxitzeko energia hornidura murriztu behar da; iturri berriztagarriak ez dira inoiz nahikoak izango gure gaurko eskaria asetzeko.

Askok eta askok iradoki duten bezala, desazkundea da dugun aukera bakarra. Horrek hainbat arlotan eragingo digu:

1) Kotxeak, kamioiak eta autobusak ezin dira garraiobideen etorkizuna izan, hiri barruan zein hiri artean mugitzeko. Arazoa dugu Euskal Herrian auto industriak ekonomia bultzatzen baitu, eta gorakada bat izaten duen bakoitzean berri ontzat hartzen da albistegietan. Ibilgailu elektrikoak ez dira erantzun zuzena, euren ekoizpenak ere kutsatzen duelako; garraio publikoari eman behar zaio lehentasuna ibilgailu pribatuen aurka.

2) Hiri eredua jomugan dago bete-betean. “15 minutuko hiria” deritzona da azken helburua, oinez ibili daitekeen hiri bat, denetariko zerbitzuak biztanleengandik hurbil daudelako. Zuhaitzak nonahi behar ditugu, CO2 xurgatu eta gerizpea sortzen dutelako, tenperatura altuen aurkako errezeta. Asfalto eta porlan gutxiago eta berdegune gehiago, eta nola ez, ibilgailuentzako oztopoak, mugitzeko aukera bideragarriak izateari utzi diezaioten. Etxe eta eraikin bakoitzean eguzki-plakak egon beharko lirateke, etxebizitzen eta bulegoen energia eskaria asetzeko adina.

3) Kontsumoa oinarrizkora mugatu. Bertako produktuak lehenetsi behar dira, garraio denbora txikia dutelako, eta beraz Zelanda Berriko kiwirik edo Mexikoko ahuakaterik ez: ohitu beharko ginateke beti dena eskura ez izatera. Gainera, produktu gehienetan plastikozko estalkiak soberan daude. Zer esanik ez, internet bidezko erosketak edo atez ateko janari banaketa…

4) Era berean, aisialdia ezingo litzateke kontsumoaren inguruan eratu. Natura eta kirol jarduera amateur gehienek ez dute kontsumorik eskatzen. Bidaia jasangarriagoak egin beharko genituzke, trenez bereziki: uda honetan, aldiz, Loiuko aireportuak bidaiarien markak hautsi izana albiste itzeltzat iragarri da. Aisialdiko hegaldiak ia-ia galarazita egon beharko lirateke; Frantzian dagoeneko herrialdearen barruko zenbait hegaldi bertan behera gelditu dira dekretuz (hein handi batean neurri kosmetikoa izan bada ere). Halaber, gurutzaontzien aurkako debekua erabat beharrezkoa da.

Hori bai, zehaztu dezadan hemen prozesu honen zama osoa ezin dela hiritarron bizkarrean egon. Pertsona arruntok alferregiak gara etekin garbirik gabeko ohitura aldaketa bat burutzeko, batez ere aurreko bizimodua baino garestiagoa edota konplikatuagoa baldin bada. Agintarien ardura izan beharko litzateke gure eredua aldatzeko erraztasunak sortzea, gobernuen erantzukizuna da bizitza jasangarriago bat edukitzea kutsagarriago bat baino erosoagoa eta merkeagoa izatea ahalbidetzea.

Zoritxarrez, hiritarrok kutsatzen duguna ez da ezer kutsadura industrialarekin eta zerbitzuenarekin alderatuta. Gobernuak legez mugatu beharko luke, baina gure kontsumo ohiturek ere aldarazi dezakete, behar ez ditugun gailu, arropa eta auto gutxiago erosten baditugu; berrerabili daukazuna eta produktuen bizitza luzatu! Argi dago ekonomiak beherantz joko duela, eta halere, gure bizitza gero eta zailago bihurtuko da bestela, azkenean jasanezina izateraino, kontsumoa ez badugu moteltzen.

Edonola ere, beroketaren kontrako irtenbide globalak eta gizarte mailakoak sortu beharko genituzke, eta ez norbanakoaren erabaki pertsonalak, esaterako, etxean aire girotua instalatzea edo auto elektrikoa erostea, horiek azken buruan arazoa handitu baino ez baitute egiten. Klima aldaketak “itoginak” egin dituen sistema kapitalista kutsatzaile honetan petatxuek ere ez dute balio: Bilboko udalak bere buruari ematen dizkio txaloak gune batzuk “babesleku klimatikoak” etiketatu dituelako, zuhaitz zaharrak moztu, berdegunez josita egon ohi ziren plazetan parkingak eraiki, eta mendi bideak porlanez betetzen dituen bitartean.

Aitortu behar da kolapsoa gelditzeko bidea ez dagoela oztoporik gabe. Munduan gehien kutsatzen duten herrialdeak ez dira ados jarri neurri minimo batzuk indarrean sartzeko, nagusiki orain mundua berriro bi bloketan banatu delako. Herrialde kutsatzaileena zalantzarik gabe Txina da, baina biztanleko kutsadura altuena sortzen duena Amerikako Estatu Batuak dira, eta bi potentziak lehia bizi batean sartu dira azken urteotan. Gainera, garatzeko bidean dauden herrialde boteretsuak (Txina, India, Errusia, Brasil…) nazioarteko akordioetatik kanpo kokatu nahi dira, eta Europak eta Estatu Batuek historikoki egin duten beste kutsatzeko aukera nahi dute.

Iruditzen zait herrialdeen agintariak tentsio geopolitikoetan trabatuta daudela (2016tik gutxienez, baina egoerak gero eta txarragoa dirudi), eta ez dutela klima aldaketa lehentasuntzat hartzen. Europa aitzindaria izan beharko litzateke borroka honetan, eta gehien kutsatzen duten herrialdeei ezer ez erosteko erabakia hartu beharko luke. Bizirauteko gure politikarik onena izango litzateke Txinarekiko harreman komertzialak gutxiagotzea, bere ekoizpen industriala baretu dadin.

Labirintu batean gaude, ez atzera ez aurrera, eta zenbat eta geldiago egon, orduan eta barrurago egongo gara. Ez dago irtenbide onik, eredu kapitalistaren hazkundeak sabaia jo duelako; arazoari aurre egiteak ekonomia kaltetuko du, baina oraingoari eusteak ere kalte are txarragoak eragingo ditu.

Kalera irten beharko ginateke berehalako neurriak indarrean ezarri daitezen, larrialdi klimatikoa oraintxe bertan gertatzen ari dela aldarrikatzeko. Mundua geldi dadila! Gizadi osoaren geroa gure esku dago, iratzar gaitezen! Hau gelditzen ez badugu, euskal herririk ez, independentziarik ez, euskararik ez. Gure lehentasuna izan behar da. Ez da txantxetako kontua.