Bakarra munduan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2024ko api. 16a, 11:34

Lehenik eta behin, Athletic Clubeko jokalari eta teknikariak zoriontzeko beharrean gaude, oso aspaldidanik ikusi gabeko lorpenagatik. Halere, ospakizun luzeen osteko biharamunean Athletic-en inguruko gogoeta batzuk plazaratzeko unea etorri zaigu. Egun hauetan Bilbo aldean ikusitakoa goraipatzea merezi duen arren, badira atentzioa eman didaten zenbait portaera eta jazoera, eta horrek futbolzaletasun bilbotarraren onurei eta kaltei buruz hausnartzera eraman nau.

Bilbon hazi garenontzat Athletic totem eztabaidaezina izan da, hiriaren identitatearen ikur erabatekoa, eta askotan esaten den legez, ez duzu zertan futbola gustuko izan Athletic-eko zalea izateko. Kontrakoek, aldiz, botako lukete “erlijio” bat dela, bere “dogma”, “santu”, “martir” eta “mirakuluekin” (eta “Katedrala”, nola ez).

Athletic-en kondaira XX. mende hasierako balentrietan hasi zen, eta hortik aurrera handiagotu baino ez zen egin. Gurasoek-eta kontatu zigutenez, Frankismo garaian taldearen garrantzia ikaragarrizkoa izan zen, euskal herriaren ikur bat, ikurrina eta euskara bera galarazita zeuden aro ilun horretan bizirauteko borrokan zegoen nazio baten aldarria aurrera eramanez.

Esan dezakegu oraindik ere parametro futbolistikoetan meritua daukala Athletic-ek, hein batean nagusi den logika kapitalistatik at kokatu nahi duelako (bere jokalarien merkatua mugatuz), eta emaitza onak lortzen ditu bere “filosofia” sustatzen duen bitartean. Baina horretaz harago, ez da 80ko hamarkadatik honako inertzia batean sartuta egongo?

Egun testuinguru politikoa zeharo desberdina da eta euskal gizartea arineketan ari da eraldatzen. Ofizialtasunik gabe, Athletic-ek euskal selekzioaren papera bereganatu nahi izan du, talde nazionala izango balitz bezala, esanez bere “filosofia” dela “bakarra munduan” egiten duena: Euskal Herrian jaio, hazi edo futbolean aritzen hasi dena Athletic-en jomugan egon liteke. Baina horrela egiazki erdietsi ahal da jokalarien taldearekiko atxikimendua? Zintzoak izanda, Bilboko futbol taldera iristen diren batzuek edozein taldetan egongo balira bezala jokatzen dute, eta ezin zaie gehiago eskatu, kontratupeko langileak dira eta.

Ez dut ukatuko Athletic-ekiko miresmenak alde onak dituela. Oro har, gauza frogatua da futbolzaletasunak munduan zehar askotariko jendeak batzen dituela; horrelakoa du bere indar homogeneizatzailea, berdin gazte zein zahar, gizona zein emakumea, bertakoa zein kanpokoa. Bilbo Handiko aldaketa demografikoa edonork sumatu dezake, eta, ostera, Athletic-ek nagusia izaten jarraitzen du. Apirilaren 6an eta 11n bazter guztietako etorkinak (Amerika, Afrika, Asia) ikusi nituen kamiseta zuri-gorria jantzita, pozarren, talde bilbotarraren garaipenaz gozatzen.

Denbora luzean zehar Athletic izan da bilbotarron elementu bateratzaileetako bat, eta hori positibotzat hartu behar dugu. Alabaina, zeren inguruan biltzen gaitu Athletic-ek? Zer ordezkatzen du gaur egun? Gauzatu gabeko sentimendu nazional baten ordezkaria da ala Espainia iparraldeko beste futbol talde bat fitxatzeko politika baztertzaile bitxi batekin? Euskal nortasuna badu bere muinean (Euskal Herria baita bere eragin-esparrua)? Baina zer euskal nortasun, Espainiako futbol federazioaren barruan lortu daitekeen arrakastaren sinbolo “baskoa” ote da? Azken finean, Espainiako Erregearen Kopa da, koroa espainiarrari ematen dion zilegitasunarekin, eta euskal gizartean Espainiaren instituzioen normalizazioan laguntzen du.

Zentzu berean, ez dago gauza gorrotagarriagorik euskal futbol taldeen arteko lehia garratza eta ezinikusia baino, probintzialismo zaharkitu baten adierazleak, edonola ere. Esan liteke euskaldunon arteko zatikatze hori Athletic-en handinahikeriaren ondorio bat dela, beste arrazoien artean, noski.

Osteguneko ospakizunetan egon nintzen; polita benetan, zintzotasunez diotsuet. Hori bai, Olabeagako SOÑAR muralaren azpitik gabarra pasatzen ari zela Euskal Herri euskaldun baten ametsak lausotu ziren, eta Bilboaldeko errealitate erdaldun gordina inposatu zen, nahi eta nahi ez. Euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izan zen, aitortu dezagun. Udaletxeko harrerara ere hurbildu nintzen, eta 4 jokalarik edo baino ez zuten euskaraz ezer esan (Mikel Vesga gasteiztarra nabarmenduko nuke). Jokalarien aurkezpena astuna egin zitzaidan (zale askori bezala), eta alde egiteko zorian nengoenean, Asier Villalibre atera zen balkoira, mikrofonoa hartu eta bere bihotzetik gertuen dagoen bizkaiera ederrean mezurik aipagarriena jaurti zuen: “Segidu euskeraz berba iten, segidu irakasten euskeraz, eta segidu deigun gure oinarrietariko bat gure bizitza osoan eroaten”. Publikoaren txalo-zaparrada jaso zuen.

Athletic “euskal herriaren erakusgarria” baldin bada, zerk egiten du “berezi” gure herria? Zerk egiten gaitu “bakarra munduan”? Egunotan sare sozialetan irakurrita: “euskararik gabe, Bilbo Santander da”.

Azken bi asteetan ospatzeko eta gozatzeko momentua izanda, orain, hori guztia pasata, autokritika egiteko gonbita luzatzen dizuet. Athletic-en arrakasta onuragarria da euskal naziogintzarako? Eta euskalgintzarako? Galdera irekia.