Komunitatea

Pelasgikoak behelaino artean

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2024ko eka. 26a, 12:42

Apirilean Greziara bidaiatu nuen. Oso helmuga turistiko ohikoa, Mediterraneoaren mutur baten itsasertz ederrean kokatuta eta, jakina denez, historiaz josita. Gainazalean indusi eginez gero, hainbat geruza arkeologiko aurkituko ditugu, Grezia diogun lurralde hori zibilizazio desberdinen babeslekua izan baita.

Grezia hizpide dugunean (“Hellas” grekoz), beti etortzen zaigu burura Antzinate klasikoa, baina batzuetan harrigarria da konturatzea garai horretatik denboran atzerago oraindik milaka urte daudela zibilizazio greziarraren lehenengo aztarnetaraino. Adibidez, testu zaharrenetarikoen artean daukagu Homeroren Iliada (kristo aurreko VIII. mendean edo idatzita), eta, aldiz, istorio horretan kontatzen diren gertakizunak 500 urte lehenagokoak ei dira, ahoz aho igaro ondoren mito bilakatuta.

Gaurko greziarrek, espero bezala, miresmenaz begiratzen dute mende haietako loraldia, eta halere, Europako herri guztietan bezala, Antzinateko greziarrek ez zekiten nondik etorri ziren, historiaurreko egun ilunetan ezkutatuta baitago euren etnogenesia. Eta hona nator ni herri greziarraren sorkuntzan egon zen osagai garrantzitsu baten gainean mintzatzera.

Greziarren arbasoak askotariko tribu indoeuroparrak izan ziren, Brontze Aroan noizbait Balkanetako penintsularen hegoaldera ailegatuak, eta talde soziopolitiko eta dialektal ugaritan bananduta egon ziren luzaroan, nahiz eta guztiek euren burua greziartzat hartu. Iliadan bertan greziar guztiei “akeoak” edota “argostarrak” deitzen zitzaien, baina Aro Klasikoan ionioak, eolioak eta dorioak (besteak beste) ere baziren.

Nolanahi ere den, Antzinateko idazle grekoek han eta hemen herri “pelasgikoa” ere aipatzen zuten, baina iturriz iturri koherentzia gutxiko ideiak adierazten ziren, herri horren identitatearen gainean zein bere hedapen geografikoaren gainean. Dirudienez, pelasgikoak Grezia osoko populazio indigena izan ziren arren, Antzinatean nagusiki Tesaliako lautada emankorrean (Grezia erdialdean), Arkadiako mendi-haranetan (Grezia hegoaldeko Peloponeso penintsularen erdialdean), eta Lemnos eta Samotrazia uharteetan (Atenasetik ipar-ekialdera) aurkitzen ziren. “Pelasgiko” izenaren etimologietako batek dio greziarren “auzokoak” zirela, eta horrek zentzua edukiko luke garai haietan elkarren ondoan bizi zirelako batzuk eta besteak.

Greziar klasikoen jarrerak pelasgikoekiko askotarikoak ziren. Batzuek onartzen zuten behinola Grezia osoan zehar hedatuta zeudela, eta gehiengoa izan zirela, eta alabaina, nabarmentzen zuten kulturaz desberdinak zirela, hizkuntza “barbaro” bat hitz egiten zutela, eta “arraza iluna” izatea ere egotzi zitzaien. Beste idazle batzuen esanetan, ordea, greziar guztiak pelasgikoengandik eratorri ziren, hainbat tradizio ere eurengandik jarauntsita, eta horrexegatik hain zuzen ere helenoak ziren beste nazioak baino garatuagoak.

Halikarnasoko Herodoto historialariak esan zuen pelasgikoak hizkuntza arrotz batez mintzatzen zirela, eta ateniarrak jatorriz pelasgikoak izan zirela (zehazkiago, “cranai” izenekoak), baina geroago greziera ikasi zutela. Halaber, esan ohi zen eolioak eta ionioak pelasgikoak izan zirela aspaldian, baieztapen horiek nolabait iseka moduan ere eginda. Izkribu zaharretan esanak arkeologiak berresten dizkigu: Atenaseko akropolian bertan egin diren indusketek erakutsi dute Neolitoko nekazariek eraiki zituztela lehenengo murruak han (“harresi pelasgikoa” gaur ere deitua), eta materialki oso antzeko kultura zela iparralderago dagoen Tesaliako akropolietan topatu direnekin.

Jasotako ideia horiek guztioriek iradokitzen digute Harri Aroko kultura bat egon zela lurralde horietan zabalduta, eta gero mendez mende asimilatuak izan zirela, gutxiengo bat osatzeraino, nahiz eta garai klasikoan oraindik ere jatorrizko kultura, hizkuntza eta nortasun pelasgikoaren gotorleku batzuek iraun zuten. Greziako lehenaldi urruneko istorio batzuetan pelasgikoak ziren protagonistak, batez ere Arkadia sasi-mitikoan, landa eremuko eskualde menditsua, non abeltzainek ohitura zaharrak gorde zituzten, “urrezko iragan” baten oroimena.

Bestalde, ez da ahaztu behar gaur greziarra den artxipelago zikladikoan (Atenas eta Kreta arteko uharte multzoan) sortu zela bertako kulturarik zaharrena (Neolitoaren amaieran), marmol-harrizko figura ederren egile, eta Kretako zibilizazio minoikoaren aurrekaria izan zela. Antza denez, Anatoliatik itsasoz hara joandakoek osatu zuten lehenengo “zibilizazio greziar” hori. Beranduagoko Kretan jauregi oso konplexuen inguruko erresuma boteretsu bat altxatu zen, eta hortik datorkigu “Minotauroaren labirintoaren” mitoa. Izan ere, garai hartako Kretan “linear A” deitzen dugun idazkera aurkitu zen, egun arte deszifratu gabeko hizkuntza ez-indoeuropar bat (“minoera”) idazteko erabilia. Hemen gehituko dut Homeroren Odisean pelasgikoak Kretako biztanleen artean ere zerrendatu zirela.

Populazio indigenaren asimilazio prozesua ez zen beti norabide bakarrekoa izan, eta kultura heleniko goiztiarrean eragin zuzena izan zuten minoikoek. Grezia kontinentaleko Brontze Aroko arkitektura ziklopea esaten zaie mizenikoek eraiki zituzten “erraldoien harresiei”, Mendebaldeko Europan garai bertsuko megalitoen antzera eginak. Mizenasen eta Greziako beste leku batzuetan Kretako kultura minoikoaren eraginpean garatu zituzten jauregietan bildu zen erregeen boterea, gaur egun zibilizazio mizenikoa deritzogun horretan (Homeroren “akeo” zaharrak), benetako lehenengo greko indoeuroparrak izan zirenak. Minoikoei ikasitako idazkera euren erara moldatu eta “linear B” baliatuz idatzi ziren proto-greziera haren aurreneko testuak.

Hala eta guztiz ere, historian aurrera joanez, ezin da ukatu elite indoeuropar bat (leinu gerlari bat, hasieran gutxiengoa zena) herri pelasgiko aurre-indoeuropar baten gainean ezarri zela Grezia osoan. Greziarren artean, tribu indoeuroparren azken uhina dorioak izan ziren; Grezia ipar-mendebaldetik (“Epirus” eskualdetik) abiatuta mizenikoak menderatu eta Peloponeso gehiena bereganatu zuten, pelasgikoak Arkadiako bazter isolatuetara bultzatuz. Dorioak ezagun ditugun “espartarrak” edo “lakonikoak” bihurtu ziren Peloponeso hegoaldean.

Azken mugimendu hauetan ere Atenas inguruko pelasgikoak Lemnos eta Samotrazia uharteetara izan ziren desplazatuak, non euren hizkuntza eta sinesmen zaharrak atxiki zituzten. Idazle greziar zahar batzuen arabera, pelasgikoak Italiara ere aldatu ziren, eta han Etruria edo Tirrenia izeneko eskualdea konkistatu zuten, eta beraz etrusko herri ez-indoeuroparraren arbasoak izan ziren. Funts gutxiko kontakizuna da hori, baina seguruenez greziarrak konturatu ziren pelasgiko horiek eta etruskoek antzeko hizkuntzak zeuzkatela, Lemnos uhartean harri baten gainean izkiriatuta aurkitu baitzen etruskoeratik oso gertuko testu bat.

Gauzak horrela jazo zirelako, Neolitoko populazioaren eta Balkanetatik jaitsitako indoeuroparren arteko nahasketa gertatu zen, eta kultura greko zaharrean sumatzen dugu batura hori. Mitologian hauteman ahal da horren isla: beste kultura indoeuroparretan ez dauden jainkoak dira Atenea, Artemisa, Afrodita, Dionisio edo Apolo. Horietako batzuk Erdialde Hurbileko kultuetatik garatu zitezkeen, baina askotariko jainkosen agerpenak lurraren laborantzarekin zerikusia izan dezake, eta baita natura basatiaren gurtzarekin ere. Ipar-mendebaldeko Grezian zegoen Dodona leku sakratua orakulurik zaharrena zen, jatorriz Ama Jainkosari eskainia, eta gero Zeus “Aita Jainkoari”; Estrabo historialariak kontatzen digu Tesaliako pelasgikoek fundatu zutela. Era berean, Ama Lurrari lotutako lur barruko jainkoak (“kabeiri” izenekoak) ziren erlijioaren oinarri Samotrazian eta Lemnosen, Herodotoren esanetan. Eta Arkadiako ekandua zen Demeter nekazaritzaren jainkosaren eta bere alabaren kultu misteriotsua, zeinaren izendapena Despoina zen, hau da, “Anderea”.

Herri pelasgikoek hizkuntza grekoan ere utzi zuten euren aztarna. Adituek arlo jakin batzuetako grekoaren zenbait hitz ez-indoeuropartzat jo dituzte: nekazaritza eta naturan elaia “olibondoa”, kissos “huntza”, dikella “aitzurra”, makella “pikotxa”; itsas arloan thalassa “itsasoa”, this “hondar(tza)”; arkitekturan argilla “buztin”, labyrinthos “labirinto”, plinthos “adreilu”, beste askoren artean. Toponimo ez-indoeuroparrak ere ugari ei dira, gehienbat -nth-, -tt- edo -ss- kontsonante segidak dituztenak, hala nola, Korinthos, Attike, Parnassus, Knossos…

Arkeologoek ondo dakite herri nekazari-abeltzainak Anatoliatik Neolitoan abiatu eta Europa osoan barreiatu zirela. Pelasgikoei buruz oso gutxi dakigu, eta heldu zaiguna oso zeharka izan da, historiatik betirako desagertu zirelako. Euskaldunok, ostera, nola edo hala hemen jarraitzen dugu, gure Arkadia piriniotar-atlantiarrean. Zorionekoak gu!