Inor

Erabiltzailearen aurpegia Atxarte Salvador 2023ko ots. 28a, 15:28

Ez dago eskubiderik, gonbidapenik gabe, inoren etxean sartzeko, gauez zein egunez. Are gutxiago armaz lepo, irainka, mehatxuka eta lapurretan. Berdin da “inor” hori nor den, nondik datorren edo nora doan. Berdin da nolakoa den etxea (alokatutakoa, erositakoa ala okupatutakoa; pisua, etxola, lokala edo ibilgailua). Berdin dio sartzen direnek uniformea daramaten edo enpresa pribatu bateko logoa.

Ezerk ez du zilegi bihurtzen inoren etxera sartzea eta bertatik botatzen saiatzea, ez bada epaileak arrazoitutako agindu bat; eta, dirudienez, ez da hain gauza zaila, Bilbon, urtero dozenaka etxegabetze izaten dira eta. Ez pentsa zuekin ez doala asuntoa, etxejabeak zaretelako-edo. Bankuarekin zorrak kitatu ez badituzu, zurea da etxegabetuaren profila. Baita alokairuan bazaude ere. Baina putre-funtsek eta espekulatzaileek, oro har, jabe “osoak” ere euren etxeetatik botatzeko ahalmena dute. Beraz, kasu!

Piztu telebista edota begiratu interneteko bilatzaile batean, ea zenbat enpresa pribatu aurkitzen dituzuen klik batean, epaitegien esku-hartzerik gabeko etxegabetzeak burutzeko. Negozio arrakastatsua, inondik ere. Edozelan, Bilbon batzuek ez diote ezta enpresa mertzenario bati ordaindu behar ere, lan zikina poliziak berak egiten dielako eta denok ipinitako botearekin ordaindu.

Jazarleen artean erakunde publikoak zaudete. Eman aurpegia eta zabaldu prozedura bat epaitegian auzokideak euren etxeetatik ateratzeko. Zergatik bidaltzen duzue polizia ezkututan gazteak beldurtzera? Uste al duzue epaile batek ez lizuekeela arrazoirik emango, ala? Agian Bilbon alfonbra azpian gordetzen den ustelkeria bistan geratuko litzatekeelako? Badirudi ez daukazuela erreparorik baliabide publikoak inoren kontra bideratzeko. Ea behingoagatik norbaiten alde erabiltzen dituzuen. Erriberan, ez inon, inor ez etxerik gabe.